San Juan de Dios ospitaleak hartuko du buru nahasmenduak dituzten gazteentzako eguneko zentroa
Osakidetzako langileak kexu dira, buru osasuneko zerbitzuaren "pribatizazioarekin" nabarmen jaitsiko delako "eskainitako zerbitzuaren kalitatea".
Buru osasuna lehentasun bihurtu den garaiotan, gazteentzako eguneko zentroa irekiko dute Errondoko San Juan de Dios ospitalean. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak akordioa adostu du ospitale pribatuarekin, aspalditik eskatzen zen zerbitzua emateko. Osakidetzako profesionalak, baina, aurka agertu dira, zerbitzuaren “pribatizazioarekin”, gazteei eskainiko zaien zerbitzua kalitatea baxuagokoa dela iritzita. Hala, adierazi dute Osakidetzako haur eta gazteen psikologo kliniko, psikiatra eta gizarte langileek, kaleratu duten oharrean.
30etik gora profesionalek azaldu dutenez, arlo pribatuan ez bezala, Euskadiko osasun zerbitzuko langileek “formakuntza espezializatua” jasotzen dute, eta oso bestelako baldintzetan eskaintzen dute zerbitzua. Diotenez, halaber, itxuraz, “zerbitzu mistoa” jarri nahi duten arren, ez da Osakidetzako plazarik aurreikusten: “Erizain plaza bat izateko aukera bakarrik proposatzen da, orain arte ez zegoena, benetako pribatizazioa ezkutatzeko aitzakia gisa”. Hori horrela, helduek zerbitzua “100% publikoa” duten bitartean, haurrei eta gazteei “bere osotasunean pribatua den lan talde batek” emango die zerbitzua.
Hamasei plaza eskainiko dira buru asaldura larri dutenei intentsitate handiko terapia eskaintzeko. Besteak beste, eguneko ohiko jarduerak egiten lagundu eta lagun eta familia arteko harremanenak landuko dituzte. Osakidetzako langileek “oso beharrezkotzat” jo dute zerbitzu hori, baina ez dute publikoaren esparrutik kanpo ikusten. Gaineratu dute, lurraldeen arteko desoreka nabarmena dagoela zerbitzuei dagokionez, hamarkadetan Bizkaian eta Araban izandako zerbitzuak “arbuiatuak izan direlako, Gipuzkoan”. Kexa horiek guztiak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari helarazi dizkiote, baina azaldu dutenez, erantzunik gabe jarraitzen dute egun.