Sute bat izan da Parte Zaharreko Zumeltzegi tabernan
Beste sute bat izan da Parte Zaharreko ostalaritza establezimendu batean, oraingoan Zumeltzegi tabernan, Fermin Kalbeton kalean. Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez, frijigailu batek hartu du su, eta Ertzaintza, Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira. Suhiltzaileak bertan lan egiten ari dira, eta tabernan lan egiten ari ziren bi langile ospitalera eraman dituzte, kea arnasteagatik. Eraikin horretako etxebizitza bakarrean zegoen pertsona bat, eta suhiltzaileek lan egiten duten bitartean, bere etxean “konfinatuta” dagoela azaldu du udalak.
Ez da auzoko taberna edo jatetxe batean halako gertakari bat jazotzen den lehenengo aldia. Azken sute esanguratsua, hain zuzen ere, abenduan gertatu zen, Senra tabernako sukaldean. Horren ondorioz, Abuztuak 31 kaleko bi ataritako bizilagunak euren etxeetatik atera behar izan zituzten, eta hainbat egun igaro zituzten etxetik kanpo, eraikinaren egoera aztertzen zuten bitartean. Hain zuzen ere, kalte estrukturalak pairatu zituen eraikinak orduan.
Horren harira, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak udalari eskatu zion tabernetako suteen aurkako prebentzio neurriak hartzeko: “Etxebizitza askok zurezko egitura dute, eta horien azpian 200 ostalaritza establezimendu daude”, nabarmendu zuten. Era berean, ordura arte zenbatu zituzten suteen berri eman zuten: “Segurtasun baldintzak kontrolatzen direla esango digute, baina ez gara horretaz fidatzen. Elkarteak hamalau sute zenbatu ditu: Ganbara, Txuleta, Txalupa, Sirimiri, Atari, Portaletas (bi aldiz), Anbigu, Haizea, Tiburcio, La Colchoneria, Astelena, Janito Kojua eta Senra zaharrean (bi aldiz)”.