Zilarra eskuratu du Clara Azurmendik badmintoneko Europako Txapelketan
Clara Azurmendi badminton jokalari donostiarra Lodzeko (Polonia) Taldekako Europako Txapelketan aritu zen joan den astean Espainiako selekzioarekin, eta zilarrezko dominarekin itzuli da. Carolina Marin, Beatriz Corrales, Paula Lopez, Ania Setien, Lucia Rodriguez eta Nikol Carullarekin aritu da, Ernesto Garciaren eta Arturo Ruizen aginduetara.
Asteazkenean abiatu zuten txapelketa, Alemaniaren aurka, eta mendean hartu zituzten germaniarrak (3-2); Azurmendik nagusitasunez irabazi zuen bere bakarkako partida Miranda Wilsonen aurka (21-16 eta 21-9). Eskozia ere 3-2 garaitu zuten hurrengo egunean, eta donostiarrak Rachel Sugden hartu zuen mendean (21-14 eta 21-16). Finalerdietara txartela ziurtatuta zuten, baina, hala ere, 4-1 irabazi zioten Herbehereetako taldeari, posturik onena eskuratzeko.
Eskoziaren aurka aritu ziren berriz ere finalerdietan, larunbatean, eta berriz ere irabazi egin zuten. Azurmendi Sugdenekin neurtu zen larunbatean ere, eta 21-14 eta 21-18 irabazi zion. Azkenik, igandean jokatu zuten finala, Danimarka faboritoaren aurka, baina ezin izan zuten talde eskandinaviarra garaitu, eta 3-1 galdu zuten. Azurmendik bere partida galdu zuen Mia Blichfeldten aurka: 12-21 eta 19-21.