Atletico Guardes izango da Bera Beraren aurkaria kopan
Espainiako Kopako final-laurdenetako zozketa egin dute astearte eguerdian Donostiako Aquariumean, eta Bera Berak dagoeneko badaki zein izango den bere aurkaria: Atletico Guardes. Donostian jokatuko da kopako fase erabakigarria, Illunben: maiatzaren 10ean final-laurdenak, 11n finalerdiak eta 12an finala. 2022an ere Illunben jokatu zen kopako fase hori.
Horrela, hauek izango dira final-laurdenetako beste hiru neurketak: Granollers-Elda, Porriño-Valladolid eta Elx-Malaga. Donostiarrak, euren kanporaketa irabazten badute, Elx-Malaga kanporaketako irabazlearen aurka ariko dira finalerdietan.
Ligan, hirugarren postuan eta lidergoarengatik borrokatzen dago Bera Bera, eta seigarren postuan Atletico Guardes. Beraz, etxean jokatuta, finalerdietarako txartela eskuratzeko faboritoak dira donostiarrak.