Bi urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, adin txikiko neska bati sexu erasoa egiteagatik
21 urteko gizon bati bi urteko espetxe zigorra ezarri diote, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean zegoen 14 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Espetxe zigorraz gain, erasotzaileari debekatu egin diote neskarengana hurbiltzea eta harekin harremanetan jartzea hiru urtez, eta bost urteko zaintzapeko askatasuna ezarri diote. Hain zuzen ere, gizonak ez du espetxean sartu beharko, baldin eta bi baldintza betetzen baditu: heziketa ikastaro bat egiten badu eta hurrengo bi urteetan ez badu deliturik egiten.
EFE albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, 2021eko urriaren 17an gertatu zen erasoa, biktima eta erasotzailea bi astez sare sozial batetik hitz egiten aritu ostean aurrez aurre gelditu zirenean. EFEren arabera, biek zekiten zein zen besteak zuen adina, eta adin txikikoa trenez joan zen Donostiara, Gipuzkoako barrualdeko herri batetik. Gizona bere bila joan zen, haren gurasoen etxera eraman zuen, eta bertan egin zion sexu erasoa.