Donostiako bertsolariei buruzko 'Antxuak Balia' saio musikatua sortu dute
Musikari batekin batera, Donostiako bertsolaritzaren historiari buruzko emanalditxo bat prestatu du Manex Mujika bertsolari donostiarrak. 1813an Donostia erre zutenetik gaur egunera, dozenaka izan dira Donostian bertsotan aritu diren bertsolariak: Jose Bizente Etxegarai, Ramon, Pepe eta Rosario Artola, Fermin Imaz, Bilintx, Sebastian Salaberria, Manuel Matxain, Segundo eta Lino Kalonje, Beñat eta Unai Gaztelumendi, eta beste hainbat. Ordubete inguruko saio honetan, bereziki, beraien bertsoak ekartzen dituzte gaur egunera.
Bertso sortak ardatz harturik eta musika lagun, garai bateko eta gaur egungo Donostiari “begirada goxo bat” ematen diote emanaldi honetan. “Ikuskizun xumea da, eskakizun tekniko handirik gabekoa, zerbeza batekin eskuan eta pretentsio handirik gabe, gure hiriaren alderdi ahaztu honi errepasoa egiten diona”, azaldu dute sortzaileek.
Beraien nahia egitasmoa Donostian zehar zabaltzea da, eta horregatik, aukera eskaintzen diete herritarrei Antxuak Balia ikuskizuna auzoetan, elkarteetan, eskoletan edo nahi den lekuan programatzeko. Interesa duenak, mezu bat bidal dezake manexmujika@gmail.com helbide elektronikora.
Hona hemen saioaren laburpen txiki bat erakusten duen bideoa: