Ostiralean estreinatuko da Negu Kolektiboaren 'Negu hurbilak' filma
Jone Laspiur eta Xalba Ramirez donostiarrak lantaldean dituen Negu hurbilak filma ostiral honetan (hilak 23) iritsiko da zinema aretoetara. Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da, eta Mikel Ibargurenek, Ekain Albitek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak zuzendu dute. Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zuzendariekin batera, Xalba Ramirez ere aritu da filmaren gidoia idazten.
Zubietan (Nafarroa) egin dituzte grabaketa lanak, eta bertako herritarrak ere aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur aktore donostiarra –2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna– izan da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean. Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Kalatanak) izan ditu ekoizle, eta IRUTXULOKO HITZA dago filmaren babesleen artean. Hain zuzen ere, Principe zinema aretoko estreinaldirako (hilaren 23an, 19:15ean) bost sarrera bikoitz zozkatzen ari da hedabide hau bere hitzakideen artean, eta hemen hartu dezakezue parte zozketan.
Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko Cineasti del Presente sailean –mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa– egin zuten Negu hurbilak-en munduko estreinaldia, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu zuen filmak. Ordutik, beste hainbat zinemalditatik ere igaro da: Seminci – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astetik esaterako. Halaber, Epaimahai Gaztearen saria eskuratu zuen Madrilgo Margenes Zinemaldian eta Bartzelonako L’Alternativa jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaren parte ere izan zen.
Negu Kolektiboa
Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak osatzen dute Negu Kolektiboa. Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolak (ESCAC) elkartutako ikasle taldea da, jatorri desberdin eta urrunekoak. Eskolarako proiektuak garatu eta sortu ahala, sorkuntza horiei ekiteko orduan antzeko kezkak eta ikuspuntuak partekatzen zituztela sinetsita elkartu ziren orain lau urte.
Bere lehen proiektuak, Euskal Herrian grabaturiko Erroitz filmak, jarri zuen gaur egun eraikitzen ari den sorkuntza eta konplizitate bidearen hasierako harria. Urtebete geroago ekin zioten bigarren proiektuaren ekoizpenari: Uhara, 16 mm-tan errodaturiko metraje erdiko pieza, izandako gaztaroa eta orduko energia irrikatzearen ingurukoa.
Era berean, bi proiektu horien artean, Kataluniako errealitatearen inguruko sorkuntza batzuk landu zituzten ere, hala nola 16 mm-tan filmatutako A rabassa morta. Gaur egun, kolektiboa inoiz baino indartsuago dagoela azaldu dute, “gogoa eta grina batzen jarraitzen dugu, bizitzaren konplexutasunaz eta benetakotasunaz hitz egiten duten proiektuak eraikitzen eta sortzen jarraitzeko”.