Bretxako merkatua EAJk eta PSEk publikoa kudeatzeko duten «ezintasunaren beste adibide bat» dela esan du Corominasek
Borja Corominas Donostiako Udaleko PPren eledunaren ustez, Bretxako merkatuko lanak bertan behera uztea “EAJk eta PSEk Donostiako Udalean publikoa kudeatzeko duten ezintasunaren beste adibide bat da”. Corominasen iritziz, “Bretxa kapitulu berri bat da, alderdi horien ezintasuna erakusten duena, eta beste asko batzen dituena, hala nola Altzako kiroldegia, Astiñeneko zubia edo Topoaren obrak”.
Corominasek salatu duenez, atzerapen eta gainkostu denak “donostiar guztiek” ordaintzen dituzte: “Eneko Goiak eta Marisol Garmendiak ez dituzte milioi euro horiek ordaintzen, donostiar guztiok ordaintzen ditugu gure zergekin, gure ahaleginarekin eta gure lanarekin”.
2023ko azaroaren 13an, PPk galdera bat egin zion alkateari idatziz erantzun zezan, Bretxako eraikinaren obrak hainbeste atzeratzearen arrazoiak zein ziren jakiteko. Erantzunak, Corominasek dioenez, “laburrak eta zehaztugabeak” izan ziren, “gobernu taldean ohikoa den bezala”. Gaineratu duenez, atzo komunikabideen bidez jakin zuen PPk udalak Bretxako merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko kontratua deuseztatzea erabaki duela: “Oposizioa osatzen dugun eta milaka donostiarren ordezkari diren beste alderdiekiko ez dela oso gardena iruditzen zaigu”.
Arrazoi horiek direla eta, PPk presazko agerraldia eskatu dio Hirigintza Plangintzako eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusi, biharko osoko bilkuran azaltzeko noiz hasiko diren berriro Bretxako merkatuko obrak eta noiz urbanizatuko diren Iñigo eta Aldamar kaleak eta plaza, eta zenbat kostatuko zaion atzerapen berri hori donostiar guztiei.