Fortunako bi eskrimalari Europako Txapelketan ariko dira
Fortuna Kirol Elkarteko bi eskrimalari Europako Eskrima Txapelketan lehiatuko dira gaurtik (hilak 21) astelehenera, Napolin (Italia). June Ruiz Belategi (Hernani, Gipuzkoa, 2008) eta Markel Amat Baztarrika (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 2008) dira eskrimalari horiek, eta Espainiako Eskrima Federazioak Europako Txapelketan lehiatzeko aukeratzen dituen lehenengo eskrimalari gipuzkoarrak dira.
Kategoria eta arma bakoitzeko estatuko lau kirolari onenek soilik hartu dezakete parte Europako Txapelketan. Gainera, Fortuna da kadete mailan bi eskrimalari daramatzan estatu osoko klub bakarra, eta banakako eta taldekako probetan lehiatuko dira.
Ruiz Belategi Espainiako M-15 txapelduna eta Taldekako Espainiako M-15 txapeldunordea izan zen 2023an, Kadeteen Banakakoan brontzea eskuratu zuen urte berean eta hirugarren gelditu zen 2023-2024ko denboraldian estatuko kadeteen sailkapenean. Bestalde, Amat Baztarrika Espainiako M-15 txapelduna, Taldekako Espainiako M-15 txapelduna eta Kadete mailako taldekako Espainiako txapeldunordea izan zen 2023an; urrea eskuratu zuen Zagrebeko 2023ko Joko Mediterraneoetan eta bigarren gelditu zen 2023-2024ko denboraldian estatuko kadeteen sailkapenean.