Iker Garcia Barrenetxea donostiarrak La Droguerian garatuko du bere proiektu artistikoa
Loiolako La Drogueria tailer eta arte galerian garatuko du Iker Garcia Barrenetxea artista donostiarrak bere proiektu artistikoa, eta larunbatean (hilak 24) egingo dute aurkezpena.
Londresen bizi izan da Iker Garcia Barrenetxea (Donostia, 1979) azken hamazazpi urteotan, eta jaioterrira itzuli da orain, bere proiektu artistikoa hirian garatzeko.
Londresen, beste hainbat proiekturen artean, The Vyner Studio arte galeria abiatu zuen, sortzeko eta erakusteko filosofia duen espazio dinamikoa. 100 artista baino gehiago pasatu dira bertatik azken bost urteotan.
Loiolako La Drogueria arte galeria eta tailerrean (Aralar Mendia kalea, 35) ariko da lanean Garcia Barrenetxea datozen hilabeteotan, Allan Daastrup kaligrafo daniarrarekin batera. Daastrup duela bost urte hasi zen hor lan egiten, eta, besteak beste, auzoa horma irudiekin apaindu zuen Loiola Apain egitasmoan hartu zuen parte.
Horrela, artista donostiarraren proiektuaren aurkezpena larunbatean (hilak 24) egingo dute, Loiola Kultur Etxean, 11:00etatik 16:00etara. Bere ibilbidea laburbiltzen duten 50 obra baino gehiago aurkeztuko ditu Garcia Barrenetxeak.