Sagarduik aitortu du astean zehar ere mediku falta egon izan dela Bengoetxea kaleko osasun zentroan
Osakidetzaren Etengabeko Arreta Guneetako (EAG) mediku falta ez da soilik asteburuetan gertatzen, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak EH Bilduren galdera parlamentario bati erantzunez aitortu duenez. Hain zuzen ere, Sagarduik azaldu du urtarrilaren 15eko (astelehena) 17:00etatik 16ko 08:00etara ez zela medikurik egon Donostiako Bengoetxea kaleko EAG-ean, ezta Zarautzekoan ere.
Horrela, gutxienez hamabost ordu horietan erizainek egin zituzten bi zentro horietako artatzeak, sailburuaren arabera, ez zegoelako lanpostu horiek “betetzeko aukerarik”. Erizainek sendaketak egin ditzakete, sintomak baloratu ditzakete, eta abar, baina ezin dute diagnostikorik edo errezetarik egin, besteak beste. Donostiako EAG-eko mediku falta ez da gauza berria, hainbatetan salatu baitute gabezia hori profesionalek, sindikatuek eta erabiltzaileek.