Web bidezko kontsulta publikoa egingo du udalak, IGE arautzeko
Urtarrilean eragileekin bilerak egin ondoren, udalak kontsulta publikoa egingo du, “herritarrek arauak egiteko prozeduran parte-hartzea hobetzeko asmoz”. Donostiako Udalak urtarrilaren 29an jarri zuen abian Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) partaidetza prozesua, donostiarrei proiektuaren berri emateko eta behin betiko ekarpenak egitera animatzeko.
Joan den abenduan egindako aurkezpenean aipatu zutenez, hasierako zirriborroa “ez da dokumentu itxia”, eta, beraz, herritarrei eta eragileei informazioa helarazi eta ekarpenak egiteko aukera eman nahi diete. Udalak azaldu zuenez, “ikuspuntuak partekatzeko eta elkarrekin hausnartzeko” prozesua da, proiektua hobetu ez ezik, “ahalik eta IGE onena” ere izateko.
Dokumentua udalaren webgunean kontsultatu daiteke eta alegazioak martxoaren 12ra arte egin ahal izango dira, Erregistro Orokorraren bidez, bai udalaren webgunean, eta baita Udalinforen bulegoetan ere. Era berean, urtarrilaren 29ko astean, herritarrei ekarpenak egiteko aukera eman zitzaien, Alderdi Ederren jarriko den karpa batean. Gune horretan, IGE proiektuaren hasierako proposamena ezagutu eta haren inguruko iritziak partekatu ahal izan ziren.
Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotzi ordezkariak azaldu zuenez, “herritarrek banaka parte hartu ahal izango dute, baita elkarte eta erakundeek ere. Horretarako askotariko tailerrak egingo dira”.
Orain sarean zabaldu duten galdetegiaren bidez lau galdera ireki egin dira: Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak; Araua onartzeko beharra eta egokitasuna; Arauaren helburuak; eta Arau bidezko eta arauz besteko irtenbide posibleak. Galdetegia irekia da, eta herritarrak nahi duena idatzi ahal izango du bertan. Ordea, ez da zehazten nola kudeatu eta eztabaidatuko diren ekarpen hauek.