Anoetako zelaiko zati digitalak erosteko aukera zabaldu du Realak
Realak Anoeta estadioko zelaiko zatiak modu digitalean erosteko aukera ireki du, eta hainbat sari banatuko ditu erosleen artean. Zehazki, 20.000 zatitan banatu dute zelaia, 12 euroren truk erosi daiteke zati bakoitza. Horrela, ligako edo kopako edozein partidatan erositako zatian jokaldi garrantzitsu bat gertatzen bada, zatiaren jabeak sari bat jasoko du.
Gol bat sartzeko pasea, aurkariari txartel hori bat ateratzea, baloi jabetza handia izatea eta halakoak izan daitezke jokaldi garrantzitsu horiek, eta askotarikoak izango dira sariak: abonuak doan, elastikoak, online dendan deskontuak, eta abar.
Bi modutan erosi daitezke zatiak. Alde batetik, Realaren denda fisikoan 12 euroak ordainduta: “Kode bat emango dizute, eta kode hori dendan bertan emango zaizun tabletan sartu ahal izango duzu, zure posta elektronikoko helbidearekin batera, partzelarekin trukatzeko. Kodea eta posta elektronikoko helbidea sartu ondoren, erosi nahi duzun partzela aukeratu ahal izango duzu tabletan bertan, eta hori egin eta gero zurea izango da ondorio guztietarako”, azaldu du klub txuri-urdinak.
Bestetik, Internet bidez ere erosi daiteke, hemen. “Kodea erosi ondoren, berresteko mezu elektroniko bat iritsiko zaizu adierazi duzun posta elektronikoko helbidera. Behin mezu elektronikoa jasota, Parcelasdigitales.realsociedad.eus orrialdera joan beharko duzu, eta kodea eta erabilitako mezu elektroniko bera partzelarekin trukatzeko erabili”, azaldu du klubak.