Haurtxoko bat jarriko dute Esterlines kaleko osasun zentro zaharrean
Hasieran Kai Alde jubilatuen elkartea jarriko dute, jatorrizko eraikinaren lanak direla eta. Etorkizun laburrean baina, haurrentzako espazioak sortuko dituzte Esterlines kalean.

Aste honetan bertan lekualdatu dute Parte Zaharreko osasun etxea Bretxako Arrandegi eraikinera. Lekualdaketak, baina, hutsik utzi du aurretik erabiltzen zen lokala, eta izan ditzakeen erabilerak aztertzen dabil Donostiako Udala. El Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez, hasieran, Kanpandegi kaleko Kaialde jubilatuen elkartea ezarriko dute bertan, jatorriko lokalaren lanak amaitu arte. Zehaztu dutenez, lehen solairua eta eraikineko sotoa erabiliko dute horretarako.
Orotara, 950 metro koadro ditu bost solairutan banatuta dagoen eraikinak, eta gainerako solairuaren eremuarekin zer egiten aztertzen dabil udala. Vocento taldeko egunkariak jasotzen duenez, eraikinak izango dituen erabileretako bat haurtxoko bat da eta proiektu bat prestatzen ari da udala haurrentzako zonalde berria eta Fermin Calbetonetik sarrera duen haur liburutegia lotzeko.