Lau greba egun egingo dituzte Aspaceko langileek
Gipuzkoako Aspace eguneko zentroko 169 langileek lau greba egun egingo dituzte otsailetik maiatzera, “blokeatuta dagoen hitzarmenaren negoziaketa egoera horretatik ateratzeko”, ELA sindikatuak azaldu duenez. ELAk eta CCOOk deitu dute grebara. Zehazki, otsailaren 29an, martxoaren 14an, apirilaren 11n eta maiatzaren 8an egingo dute greba.
“Behin eta berriz langileen ordezkariek hainbat proposamen mahai gainean ipini badituzte ere, Aspaceko zuzendaritzak ez du beren langileen erosahalmena bermatu nahi”, salatu du sindikatuak. Era berean, langileen aldarrikapenak erosahalmena bermatzetik harago doazela nabarmendu du: “Langileek zainduak izan nahi dute enpresaren partetik, hau gaur egunean ez baita horrela. Zaintzeko, zainduak izan behar dute. Horregatik, soldataz gain, gainontzeko hobekuntzak behar dituzte: lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak, hobekuntza sozialak eta enpresaren beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzea”.