Musikenek hitzarmena sinatu du Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin
Musikenek hitzarmena sinatu du Baluarte Fundazioa eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin (NOS), hezkuntza jarduerak garatzeko helburuz. Sinadura ekitaldian Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak eta Ruben Jaukiokoa fundazioko zuzendari kudeatzaileak parte hartu dute.
Sinadura horri esker, Musikeneko ikasleek praktikak egingo dituzte Nafarroako orkestra ofizialaren bi kontzertutan. Zehazki, NOSak Baluarte auditorioan otsailaren 29an egingo duen abonu denboraldiko zazpigarren zikloa da, Gustav Mahlerren laugarren sinfonia eta Vicent Egearen Climate Change obraren estreinaldia biltzen dituen programarekin.
Bigarren proiektua Bilboko Koral Elkartearekin batera Musika 2024 jaialdian eskainiko den kontzertua izango da, martxoaren 3an Bilboko Euskalduna jauregian. Jean Sibeliusen seigarren sinfonia eta Francis Poulencen Stabat Mater interpretatuko dituzte.
Iñargaren ustez, NOS erakundearekin sinatutako hitzarmen honek jarraipena ematen dio Musikeneren eta inguruko orkestren artean ezarritako lotura sareari. “Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Euskadiko Orkestrarekin hitzarmenak sinatu ondoren, NOSarekin lotura hori geratzen zitzaigun”, adierazi du. Bere ustez, “Musikeneko Orkestra Ikasketen masterreko ikasleek aukera handia dute trebatzeko eta NOSko musikarien esperientziaz eta profesionaltasunaz baliatzeko, haiek babestuko baitute ikaskuntza”.