Ostatu turistiko berriak irekitzeko debekua beste bi urtez luzatuko du udalak
Martxoan urte bat beteko da Donostiako Udalak onartu zuenetik hirian ostatu turistiko berriak irekitzeko baimenen inguruko moratoria, eta aurreikusita zegoen moduan, luzapena onartuko du martxoko udalbatzarrean, hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren arabera. Zehazki, bi urtez luzatuko dute moratoria, 2026ko apirilera arte, hiri antolamenduko plan orokorreko (HAPO) aldaketa bat onartuz.
Horren bidez, Donostian ezingo dira hotelak, etxe turistikoak edo pentsioak ireki. HAPOa berrikusten ari dira gaur egun, eta aurreikuspena da HAPO berria onartzen denean halako irizpideak txertatzea dokumentuan, epe luzerako neurria izateko. Horrela, 2026ra bitarte, besteak beste, ezingo dira ostatu turistikoak ireki Erdialdeko, Groseko, Antiguako, Ategorrietako, Uliako eta Ibaetako edozein motatako partzeletan, zona horiek dagoeneko ostatu turistikoz saturatuta daudela kontsideratzen baita.
Bestalde, eremu horietatik kanpo dauden zonetan bizitegi erabilera duten partzeletan ezingo da ostatu turistikorik ireki, baina bai erabilera tertziarioa dutenetan; hala nola, Martuteneko gasolindegi zaharrean. Parte Zaharrari dagokionez, 2020tik eremu saturatu gisa dago izendatuta, eta, beraz, ordutik indarrean dago ostatu turistiko berriak irekitzeko debekua.
EH Bilduk moratoriaren luzapenaren inguruan hitz egin zuen joan den astean, eta neurria auzo gehiagotara zabaltzeko beharra nabarmendu zuen: “Ez da nahikoa Gros, Antigua eta Erdialdea, Parte Zaharra barne, eremu saturatu izendatzea. Funtsezkoa da eremu mugakideetan ere eragina izango duela aurreikustea, “olio orbanaren” eragina egon badagoelako. Amara, Egia, Arriola, Ategorrieta eta Intxaurrondo babestea proposatzen dugu”. Era berean, udal gobernuak erabakia “hauteskunde giroan” eta “in extremis” hartuko duela salatu zuen oposizioko taldeak.