Soldata arrakala «estrukturala» dela salatu du LABek Bretxan
Soldata Arrakalaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaurkoa (hilak 22), eta LAB sindikatuak soldata arrakalarekin bukatu behar dela aldarrikatzeko ekintza egin du goizean Bretxan. Pankarta handi bat zintzilikatu dute merkatuaren kanpoaldean, eta eskuorriak banatzen aritu dira han bertan. Azaldu dutenez, “emakumeen lanak debaluatuta daudela, soldata arrakala estrukturala dela eta hau emakumeei egozten zaien zaintzaile rolari edo egiten dituzten lanak hein handi batean zaintzarekin lotuta daudelako gertatzen dela salatzeko” elkarretaratu dira: “Zaintza lanak aitortu eta banatu behar direla aldarrikatzen dugu, soldata arrakalarekin amaitzeko”.
Gizarte patriarkalak emakumeei esleitzen dien “zaintzaile rola enpleguaren esferatik harago” doala gaineratu dute: “Egia da enpleguaren esferan sektore feminizatuak guztiz prekarizatuta egotea badela problematika honen ardatzetako bat, baina hortik harago, enpleguaren esferatik kanpo emakumeok ditugun zaintza ardurengatik, lan prekarioagoak, lanaldi partzialak eta lan jardun murritzagoak egitera behartuta gaude. Beraz, honek lotura zuzena dauka emakumeon prekarietatearekin eta soldata arrakalarekin. Zaintza lanak aitortu gabe egotea, gizonek ez zaintzeko pribilegioari eustea eta zaintza sistema publiko bat ez izatea errealitate hau erreproduzitzen duten elementu nagusiak. Horregatik, patronala eta erakunde publikoak interpelatu behar ditugu”.
Greba feminista orokorrean mugimendu feministak egin zuen moduan, “zaintza sistema publiko eta komunitario bat garatzea urgentziazkoa” dela nabarmendu dute, eta, era berean, “zor patriarkalaren zuzenketa faktorea aplikatzeko” eskatu dute: “Emakumeak egiten ari garen zaintza lan eta bizitza sostengatzeko lan guztiek ekarpen bat egiten diote jendarteari eta sistema kapitalista etekin bat ateratzen ari da hortik. Beraz, soldata arrakalarekin bukatzeko, sindikalgintza feministatik borrokan jarraituko dugu”.