«Ez genuen espero finalerdietan zortzi gol sartzea»
Txuri Urdinek ezin hobeto hasi zituen ligako finalerdiak Huarten, 0-8 irabazita. Ligako fase erregularrean lehenengo postua eskuratu zuten, partida bakarra galduta. Titulua lortzeko lehenengo pausoa eman ondoren, bihar finalerako txartela eskura dezakete, nafarren aurkako bigarren partida irabazita. Huartek irabaziko balu, igandean jokatuko lukete kanporaketa erabakitzeko neurketa.
Finalerdietako lehen pausoa dagoeneko eman duzue. Nola bizi zenuten larunbateko partida?
Nahiko lasai geunden. Astea urduritasun handiz hasi genuen, astearteko entrenamenduan oso urduri geunden. Huarteren etxean jokatutako azken partidan, azkenengo zatian sartu genituen golak. Garaipenerako gola bederatzi segundoren faltan izan zen, horregatik bagenekien nahiko zaila izango zela haiek garaitzea. Hori saihesteko, lehenengo momentutik argi genuen zer egin.
Hasieratik oso sendo aritu zineten, eta lehenengo zatian partida bideratzea lortu zenuten, 0-2-ko markagailuarekin.
Egia da Huartek jokalari oso onak dituela, eta hamar minututan hiru gol sartzeko eta markagailuari buelta emateko gai dela. Futbolean, adibidez, oso zaila da denbora gutxian bi hutseko markagailuari buelta ematea; aldiz, hockeyan denbora gutxian gol asko sartu daitezke.
Espero zenuten gol ugariren tarte hori lortzea Huarten jokatutako azken partidaren ondoren?
Ez genuen espero. Finalerdi batean hainbeste gol sartzea oso arraroa da. Jacaren edo Logroñoko Milenioren aurka 10-0-eko markagailua lortu genuen. Bi talde horiek sailkapeneko azken postuetan daudenez, normalagoa da, ulergarriagoa. Laugarren postuan geratu den talde bati zortzi gol sartzea nabarmentzekoa da, ez genuen espero.
«Gure helburu nagusia garapena da, hau da, entrenatzen dugun moduan jokatzea eta dakigun hockeya erakustea»
Hasieran markatutako helburuen artean ligako fase erregularreko lehen postua lortzea zegoen?
Gure helburua inoiz ez da liga irabaztea izan. Partidak irabaztea entrenamenduetan egindako lanaren ondorio gisa ulertzen dugu. Emaitza da. Gure helburu nagusia garapena da, hau da, entrenatzen dugun moduan jokatzea eta dakigun hockeya erakustea. Gure partidetara jende gutxi dator zoritxarrez, baina jende gutxi behintzat horri momentu eta espektakulu ona eman nahi diogu.
Eta liga irabaztearekin amesten duzue?
Bai, noski. Aurretik esan dudan moduan, gure helburua praktikatzen dugun jokoaz disfrutatzea da. Azkenean, hockeya taldekide guztientzat joko bat da, eta momentu onak pasatu nahi ditugu asko maite duguna egiten. Adibidez, iaz oso denboraldi ona egin genuen, baina partida bakarra irabazi genuen. Hau esanda, galtzea ere ona da taldearentzat, ikasketa prozesuaren parte baita. Majadahondaren aurka galdu genuen partida talde moduan garatzeko ezinbestekoa izan zen. Azkenean, irabaztea eta galtzea lanaren ondorio dira. Dena irabaztera ohitzen bagara, porrotak min handiagoa eragingo du, eta egindako lana zakarretara botatzearen sentsazioa izango dugu.
Liga erregularrean partida bakarra galdu duzue, Majadahondaren aurka, gainera. Finalean beraien aurka joka dezakezue edo Puigcerdaren aurka. Noren aurka nahiago duzu?
Badakigu bai Majadahondaren aurka izan, bai Puigcerdaren aurka izan zaila izango dela partida jokatzea. Egia da Majadahondaren aurkako finala jokatu dugula, eta badakigu nola jokatzen duten. Hala ere, nik uste dut nolabaiteko erronka izango dela Puigcerdaren aurka jokatzea, azken momentuko fitxaketa aintzat hartuta. Gainera, denboraldian erakutsi dute Majadahondaren moduko talde sendoen aurka oso gai direla aurrez aurre jokatzeko.
«Guretzat, lehenengo urtea da neska bat dugula entrenatzaile lanetan, hori ere nabarmendu nahiko nuke»
Azken urteetan ligak gorakada handia izan du. Nola bizi duzu taldeen parekidetasuna eta lehiakortasuna?
Aurtengo liga oso lehiakorra izaten ari da. Duela bost urte, argi genuen finalean Majadahonda egongo zela, haien nagusitasunagatik. Aurten, aldiz, finala erabat irekita dago eta ez dakigu zein bi talde egongo diren. Gero eta landuagoak gaude, bai taldeak eta bai jokalariak. Guretzat, lehenengo urtea da neska bat dugula entrenatzaile lanetan, hori ere nabarmendu nahiko nuke. Azken batean, liga garapenaren ondorioa da, eta talde guztien maila altuagoa da, beste kiroletan gertatzen ari den moduan.
Gehienak harrobiko jokalariak zarete, eta Puigcerdak, adibidez, kanpoko jokalariekin indartu du taldea. Horrek eragin handia du partidetan?
Guk ere fitxaketa batzuk egin ditugu taldea indartzeko. Stella Scott estatubatuarra fitxatu genuen denboraldi hasieran, eta aipatzekoa da azaroan etorri diren argentinarrak. Scott izan da gure fitxaketa nagusia, eta jokalari hauen nagusitasuna partidaren araberakoa da. Klubak fitxaketa egiteko aukera izan du, eta taldea asko indartu dugu harekin. Adibidez, Huartek ez du fitxaketarik egin, jokalari guztiak etxekoak dira. Hau esanda, Scottek taldean asko laguntzen du. Ligako golegile nagusia izan da, eta horrek diferentzia markatzen du. Finalean datorrena datorrela, gure maila erakutsiko dugu. Harrobikoak gara, azkenengo urteetan harrobia oso ondo lantzen ari gara. Nik uste dut funtsa harrobia dela. Aurten Scott dago, baina iaz ez genuen fitxaketarik egin eta helburua berbera zen. Azkenean, talde bat gara eta denon artean jokatzen ditugu partidak.
Duela bi urte liga eta kopa irabazi zenituzten. Balentria errepikatzeko gogoz zaude?
Bai, batez ere, taldea oso desberdina delako. Txikienek garrantzi handiagoa dute taldean, eta haiek gehiago nabarituko dute taldearen aldaketa hori. Orain dela bi urte, bi lehiaketa hauek irabazi genituenean, haiek ez zuten hainbeste jokatzen, eta orain bai.