Ibaetako jaiak, belaunaldien arteko topaleku
Hilabeteak lanean eman ondoren, jai batzordeko kideek prest dute otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitarteko egitaraua. Jaiak baino gehiago, auzoaren nortasunaren erakusle dira egun horiek, eta adin tarte askotariko bizilagunak elkartzen dituzte, horien arteko harremanak sendotuz.
Txupinaren faltan, txorizo usaina dute jaien aurrekari Ibaetan. «Auzo honetan arazo bat daukagu gai horrekin», dio barre artean Aiora Enparantza Ibaetako Jai Batzordeko kideak. Festetako hamaiketako, oturuntza eta azkenburuko dira lukainkak, horien ibilbidea dezente luzatzen den arren. «Beti berdin gabiltza. Beti dira gehiegi».
Txorizo dastaketa amaiezinaz harago, Ibaetako Jai Batzordea gustu eta adin tarte guztientzako jarduerak antolatzen ibili da azarotik. Bide horretan, gainera, auzoko hainbat eragile izan ditu bidelagun, urteroko moduan, eskaintza oparoagoa izan dadin. Hori horrela, auzoko batzordearen ekitaldiez gain, garagardo festa, herri afariak, sardina jana, musika emanaldiak eta jarduera bereziak ez dira faltatuko. Jai batzordea bezala, auzoko komertzio eta taberna askoren ekarpenak funtsezkoak direla jakin badakite: «Eskertzekoa da auzoarentzat egiten duten lana».
Txorizoak adina jarduera
Kaldereroek inauteriak iragartzen dituzten moduan, iragartzen ditu San Sebastian egunak auzoko festak Ibaetan, eta orduan hasten da engranaje guztia mugitzen. Martxoaren hasieran lehertzen da festa, eta hilaren lehena dute egun handia, Aingeru Zaindariaren erromeriarekin. Egun horretan, ohiturak bultzatuta, ermitarako bidea egiten dute auzotarrek. Gutxi batzuk oinez igo ohi dira. Edonola ere, taxien eta autoen erromesaldia da nagusi; adina aitzakitzat jarrita, batzuek; nagikeria onartuta, gehienek. Hala, sermoia entzun, salda beroa edan eta festetako lehen txorizoak dastatu ondoren, horien digestioa malkartzeko dantzan aritzen dira, Estanga aita-alaben eskusoinuaren konpainian. «Ohiko moduan ibiliko gara aurten ere», azaldu du Agurtzane Larrañagak, jai batzordeko kideak.
Festa girotzeko musika eta jan-edanaz gain, bigarren urtez, dantza emanaldiak izango dituztela ere iragarri du: «Erromeria belaunaldi berriei helarazteko asmotan, seigarren mailako haurren sokadantza emanaldia izan genuen iaz, eta izandako harrera ona ikusita, aurten errepikatzea erabaki dugu». Amassorrain ikastolakoek hasi zuten ohitura berria, eta Ibaikoen konpainian arituko dira, oraingo honetan.
Nolanahi ere, urteroko moduan, bertsoek bereganatuko dute entzule ororen arreta. Tradizioari eutsita, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak izango dituzte ermitaren aldamenean jarritako oholtza gainean: «Gogorarazpen deirik ere ez dute behar egun horretan hitzordua dutela jakiteko», dio Fernando Diez kideak. 30 urte baino gehiago daramatzate laukoteko bi beteranoek; hogei, berriz, Gaztelumendi anaiek.
Tradizioari eutsita, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak izango dituzte ermitaren aldameneko oholtzan
Bizilagunak aurkari, zinten norgehiagokan
Martxoaren lehenaren giroak ostiralarekin egingo du bat aurten, eta zuzenean batuko ditu erromeria eta jaien asteburua. «Bereziagoa izango da goizetik gauera arte jarduerak izango ditugulako», azaldu du Diezek. Auzotarrentzako eguna izan ohi dute ostirala, eta aurten, herri afaririk izango ez duten arren, Guateke Tropikala mantenduko dute gauerditik aurrera: «Tropikalari barraren itxurak ematen dio izena, azken urteotako jaietan izoztu egin gara eta», aitortu du Enparantzak, barrez.
Lautximeneta frontoian galdu ezin duten beste hitzordua «Koxkortuentzako zinta lasterketa» da. 2002an berreskuratu zuten 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egin ohi zuten jarduera. Geroztik, Ibaetako bizilagunek ez dute hutsik egiten, eta ordu txikitan biltzen dira euren bizikletekin: «Jende mordoa jaietako une horretan agertzen da soilik, sari potoloen bila», aitortu du Diazek. Hori horrela, sari txikiak biderkatu egingo dituzte, «lehiakortasuna apaltzeko».
Horren ondotik, eztarriak berotu eta abesteko beta izango dute ausartenek, karaokea berreskuratu baitute auzoan. Mojitoen laguntzaz, akaso, edo momentuko ausardiak bultzatuta, etxeko bainugelan landutako doinuak bizilagunekin partekatzeko eta auzoa girotzeko parada izango dute bertaratzen direnek.
Dantzalekuan, kalanbreak sentitu arte
Larunbatean, haurren jarduerak izango dira nagusi goizez eta arratsaldez. Eguerdian, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Arratsaldeko bostetatik aurrera, berriz, jolasak egingo dituzte haur eta gazteentzako: «Lokotxak, eltze puskatzea, arrautzaren jolasa eta adin txikikoen zinta lasterketa egingo ditugu, tradizioari jarraiki», zehaztu du Diezek.
Iluntzean, herri danborrada ibiliko da auzoan bueltaka, eta horren ostean, Lautximeneta frontoiak bereganatuko du protagonismoa. Bertaratzen direnek, Gozategi eta Indabe taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute 22:30etik aurrera, eta ondoren, Mojito & Patxaran DJ-ek sortuko dute gorputzak astintzeko moduko giroa.
Larunbatean emandakoak arrastoa utzi ohi duela diote jai batzordetik; edonola ere, festak ez du etenik Ibaetan. Gauzak horrela, aurten ere, kontzertuak amaitu eta ordu gutxira dianak eta dultzaineroek esnatuko dute auzoa. 10:30ean, musikaren konpainian izango dute toka eta bote txapelketa: «Egunik zailena da jai batzordearentzat, aurreko egunetako zama sumatzen hasten delako», dio Enparantzak. Hala, betaurrekoak soinean eta nekea gorpuztuta agertu ohi dira batzordeko kideak, azkeneko coca-colak kalte egiten ez badie, betiere. «Bakarren bati agertzea ere kosta egiten zaio», aitortu du Diezek, marmarka.
Diotenez, kide guztien presentziak badu justifikazioa. Eguerdian, Aitor Zabaleta plazako puzgarrien artean, dozenaka lagun biltzen dira sagardo dastaketaren eta patata tortilla lehiaketaren harira: «50 lagun aurkezten dira eta biltzen den jendetzarekin lan dezente izaten dugu». Arratsaldean, berriz, herri kirolek hartzen dute plaza. Aurten, Ugaitz Mugertza eta Mikel Larrañaga ibiliko dira aizkorarekin; Onintze Zumeta eta Lierni Osa, berriz, harria jasotzen.
Hogei urtez dantzan
Aurtengo berritasunen artean, baina, igande arratsaldeko eskaintza da nabarmen. Ostiralean egin ordez, Gaztetxoen Dantzaokearen zita martxoaren 3an izango dute, 18:00etatik aurrera. Kideek azaldu dutenez, ekitaldiaren 20. urteurrena ospatuko dute igandean. Xabier Saldias kide ohiak proposatu zuen, gazteei «zerbait gehiago» eskaintzeko asmotan, eta geroztik, ehunka haur igaro dira oholtza horretatik: «Azaroan hasten dira entseguekin, eta irakasleak zoratzen dituzte». Kuadrilla txikietan edo talde handitan, inguruko eskoletako haurrek profesionalki egiten diote aurre lehiaketari. Abestia aukeratuta, janzkera eta pauso oro fintzen ibiltzen dira azken unera arte: «Talde guztiek boladan dagoen abestia aukeratzen dute, eta ohikoa izaten da doinu berdina behin eta berriz entzutea», diote barre artean.
Aurten, ehundik gora taldek eman dute izena, eta jardueraren urteurrena izanik, jai batzordeko kideek ez dute baztertzen ekitaldiaren amaieran euren ekarpena egitea: «Polita izango litzateke gure garaiko abesti bat aukeratu eta emanaldiaren parte izatea», dio Larrañagak.
Dantzarako eta festarako gogoak handiak badira ere, ondo baino hobeto dakite zaintza funtsezkoa izango dela asteburu osoan zehar. Hori horrela, brigadisten taldea antolatu dute ostiral eta larunbat gauerako, eta Antiguako kideen laguntzaz osatu dute protokoloa, lehen aldiz: «Ezer ez pasatzea espero dugu, baina prest egon behar dugu eraso baten aurrean erantzuteko», diote kideek. Horretarako, telefono zenbakia jarriko dute eskuragarri: 602-88 58 91. Era berean, txaleko moreekin ibiliko dira brigadistak, jai eremuan.
Belaunaldiak elkartzen
Etxeko lan guztiak eginda, jaietarako gogotsu daude batzordean. Auzoan hazi eta hezitakoek egun berezitzat badituzte data horiek, are bereziagoak dira talde horrentzat. Diezek eta Larrañagak gogoan dute duela 20 urte hasi zirela taldean, «alabentzako, eta haurrentzako oro har, zerbait antolatu nahian». Egun, alabak koskortuta, jardunean segitzen dute, eta orduko haurrak dituzte kide.
Urteekin, eraldaketak izan ditu batzordeak. Batzuk joan eta besteak etorri, adin tarte askotariko hogei lagunetik gora osatutako taldea dute egun: «Gazteenak 22 ditu, zaharrenak, berriz, 70, eta primeran moldatzen gara». Afariak eta asteburupasak egiten dituzte elkarrekin, eta festetatik harago badituzte galdu ezin dituzten zenbait zita: martxoaren 23an, esaterako, Korrikaren kilometroa izango dute auzoan, euskara hauspotu eta ekitaldia bizilagunekin partekatzeko.
Nolanahi ere, jaietan sumatzen da lantaldearen giroa; barra atzean zein antolakuntzan ere izaten baitute dibertimendurako aukera. Taldearen sekretua, hain zuzen, kideen gozamenean datza, Diezen irudiko: «Gazte asko ideia berriekin sartu ziren, eta horrek elikatu du aurretik zegoena».
Gazteei ere auzoarekin harremana ez galtzeko bide ematen diela gaineratu du Enparantzak. «Etxetik irten garen gehienak beste auzoetan edo herrietan bizi gara, eta komunitatea mantentzeko aukera ematen digu honek». Gazte gisa sartutako askoren gaztetasuna agortzear dagoela gaineratuta, hemendik gutxira lagun berrien fitxaketa lanetan hasi beharko direla gaineratu du: «Berritu ala hil, ez dago besterik». Berritasunak tradizioarekin uztartzean sortzen baitira hezeguneen zona horrek dituen giroa eta nortasuna.