Igeldoko Toki Entitate Txikia sortu dute udalbatzarreko gehiengoarekin
Alderdi popularrak soilik egin du aurka, baina gehiengoaren babesarekin adostu dute apirilaren 14an galdeketa ez loteslea egitea. Hala, Igeldon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako guztiak bozkatzera "animatu" ditu Donostiako alkate Eneko Goiak.
Donostiako udalbatzarrak Igeldoko Toki Entitate Txikia (TET) sortzea erabaki zuen atzo, gehiengoaren babesarekin. Alderdi popularreko zinegotziek soilik bozkatu zuten aurka, “identitate propioa” izatea nahikoa ez dela aldarrikatuta. Edonola ere, gainerako alderdien babesarekin aurrera egin zuen akordioak eta hala, Toki Entitate Txikia sortzeaz gain, apirilaren 14an galdeketa ez loteslea egitea onartu zen.
Kontsulta funtsezko urratsa da aldundiak behin betiko onartu, eta ezinbesteko dute legezko administrazio egitura bat izan sortu dezan. Igeldotarrek apirilaren 14an dute hitzordua eta, bertan erroldatutako hamasei urtetik gorako pertsona guztiek bozkatu ahal izango dute kontsulta horretan. Bi egoera horiek (adina eta erroldatzea) Osoko Bilkurak kontsulta egitea onartzen zuen unetik bertatik egon behar dira indarrean, hau da, otsailaren 22tik. “Ez da loteslea baina bai pisu handia izango duena eta igeldotarrak parte hartzera animatu nahi ditut” , azaldu zuen Donostiako alkate Eneko Goiak.
“Ilusioa” eragiten duen bide berria
Erabaki garrantzitsutzat jo zuen Donostiako alkateak eta Igeldok historikoki izan duen “izaera berezia” ekarri zuen udalbatzarrera: “Igeldorena ukaezina da eta historiari erreparatzen badiogu, horren adierazgarri da XIX.mendean, lau urtez besterik ez bada, udalerri izatera iritsi zela”. Alkateak, halaber, udaleko langileek eta herri kontseiluko ordezkariek kideek egindako lana goraipatu zuen: “Badakit ordu asko sartu dituztela gaur hor egoteko. Eta gainera, lortutako adostasun maila altu hori lan ona egin denaren seinale da”.
Etxeko lanak eginda badaude ere, etorkizunean erronka handiak izango dituztela iragarri zuen Goiak, eta “lan dezente ” egin behako dutela: “Ez gaudelako ohituta horrelako figura batekin elkar bizitzera, baina ikasi beharko dugu”. Edonola ere, Goiak prestutasun osoa adierazi zuen udal gobernuaren aldetik lan horri ekiteko .
Bide beretik mintzatu ziren, talde sozialista, Elkarrekin Donostia eta EH Bildu ere. Marisol Garmendiaren bozeramaile sozialistak adierazi zuenez, tokiko entitate txikiaren proposamena beti defendatu dute bere alderdian, eta pozgarritzat jo zuen EH Bilduk aukera hori adostu izana. Koalizio abertzalean ere, pozik mintzatu ziren, Tokiko Erakunde Txikia eratzeko erabakia “adostasun handi baten emaitza” izan dela nabarmenduta. Markel Ormazabalek gogorarazi zuen Bildu buru zen legegintzaldian deitutako galdeketak % 72ko parte hartzea izan zuela eta % 61 banantzearen alde.
Adostasuna gailentzen zen giroan, baina, aurka agertu ziren alderdi popularreko kideak. Vanesa Velez zinegotziaren iritziz, “baliabide asko” xahutuko dira eta oraindik ez dago argi proiektuaren nondik norakoa: “Ez zaigu gustatzen nola egin zen, eta beste behin, planifikazio falta dugu”. Era berean, beste auzo batzuetako hiritarrei ere “Igeldotarren baldintzak izatea gustatuko litzaiekeela” defendatu zuen. Horren aurrean, irmo erantzun zuen Goiak, esanez, alderdi popularrak jarrera aldakorra izan duela TETaren inguruko bilera eta akordioetan, eta ez dela “oso presente” egon lan taldeetan.