Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak bizilagunak «kezkatuta» daudela azaldu du, auzoan izan diren suteak direla eta
Aste honetan Parte Zaharreko Zumeltzegi tabernako sutearen ondoren, Eneko Goia alkateak esan du “ikuskapenak egiten direla ostalaritzako establezimenduetan sukaldeek bete beharreko baldintzak betetzen dituztela kontrolatzeko”. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, horri erantzunez, adierazi du suteak daudenean bakarrik egiten direla ikuskapen horiek.
Gogoeta horretatik abiatuta, udalarentzat galdera gehiago dituztela azaldu dute ohar baten bidez: “Badago sukaldeak aldian-aldian kontrolatzeko udal planik? Zenbat berrikusten dira hilean? Zer ikuskatzen da? Zenbat irregulartasun atzeman dira urtebetean? Zehazki, noiz berrikusi ziren Senra Zaharrean eta Zumeltzegiko sukaldeak? Informazioren bat eman zezakeen alkateak”, adierazi dute auzo elkartekoek.
Jakinarazi dutenez auzo elkarteak segurtasunaren eta sute arriskuaren harira jarritako hiru salaketa irekita daude oraindik:
Lehenengoa, partikular baten salaketa da, udalari jarri ziona 2024ko urtarrilaren erdialdean, ostalaritzako establezimendu baten tximinia itxita dagoelako. “Ondorioz, erauzketa sistemak ez du funtzionatzen, sukaldeko kea sabai bikoitzetik ateratzen da lokalera eta kalera establezimenduaren fatxadatik eta koipea pilatu egiten da. Udalak informaziorik ez zuenez, auzo elkarteak espedientearen kopia bat eskatu zuen otsailaren 5ean. Oraindik ez dugu espedientea jaso. Ez dakigu zer eginbide egin diren”, zehaztu dute.
Bigarrena ere partikular baten salaketa da, zulo eta pitzadurak dituen taberna bateko tximiniako usainengatik. “Udaltzaingoaren hiru akta daude, 2022ko otsailean, maiatzean eta ekainean. Bai, zuzena da urtea: 2022. Establezimenduaren titularrari eskatzen zaio arazoa zuzentzeko, eta, hainbat gorabehera izan ondoren, 2022ko ekainaren amaieran jakinarazten zaio aurkeztutako dokumentazioa ez datorrela bat eskatutakoarekin, eta hamar eguneko epea ematen zaio ebazteko. Erantzun ezean ‘lizentzia baliogabetzeko eta lokala ixteko arrazoi nahikoa izango litzateke’. Gertatu zen? Ez”, jakinarazi dute.
Gainera, 2023ko martxoan beste salaketa bat eta Udaltzaingoaren beste akta bat egin zirela azaldu dute. “Udalak beste espediente bat irekitzea erabaki zuen, aurrekorik izan ez balitz bezala, eta errekerimendu berri bat bidali zion hamabost eguneko epean neurri zuzentzaileak har ditzan. Zerbait gertatu zen? Ez”.
2024ko urtarrilean eta otsailean auzo elkarteak espedienteei buruzko informazioa eskatu zuen, eta orduan, hamabost eguneko epea eman zitzaionetik hamaika hilabetera, udalak hamabost eguneko epea eman zion neurri zuzentzaileak hartzeko, eta, bitartean, sukaldearen funtzionamendua bertan behera uzteko agindu zuen. Sukaldea itxi da? Ez”, adierazi dute.
Hurrengo egunean, establezimenduko ordezkariak idazki bat aurkeztu du, sukaldearen funtzionamendua etetea eskatzeko, hamar eguneko epean eskatutakoa betetzeko konpromisoarekin. Kasu honetan, ostalariak eskatzen duen egun berean, zinegotziak eman egin ziola azaldu dute.
2023ko uztailaren 5ean, Parte Zaharrean Bizi elkarteak lehen idazki bat bidali zion udalari, jarduera lizentziarik ez zuten ostalaritza biltegien zerrendarekin. “Kezkatzen gaitu udalak ez jakiteak lokal horietan sare elektrikoari zein elementu dauden konektatuta, ezta zer jarduera egiten den ere, etxeek zurezko egiturak dituzten auzo batean”, nabarmendu dute.
Azkenik, 2024ko urtarrilaren 18an (6 hilabete geroago) udalak erantzun duela azaldu dute, eta 31 lokal lizentziarik gabe ari direla egiaztatu du. “Itxi al dira lokalak legeztatu arte? Ez. Biltegi gisa erabiltzen dira”, adierazi du auzo elkarteak.