Guztiontzako Egia aurkeztu dute, arrazakeriari eta Poliziaren gehiegikeriei aurre egiteko sarea
Ehun bat lagun bildu dira ostiralean, Egiako Blas de Otero plazan, kolektibo berri bat aurkezteko: Guztiontzako Egia Auzotar Sarea. Deitzaileek azaldu dutenez, sortu berria den sare honek auzoan segurtasunaren gaineko eztabaida jarri nahi du mahai gainean, “alternatiba komunitarioak” eskainiz.
Egian, azken hilabeteotan, bizilagunen artean bolo-bolo dabil segurtasunaren inguruko kezka, eta “beldur eta urduritasunak duen garrantzia aitortu eta sentimendu horiei lekua” egin behar zaiela aldarrikatu dute. Aitzitik, egoerak duen konplexutasunari heltzeko prest agertu dira, irakurri duten agirian.
Diskurtso arrazisten kontra
“Gure iritziz segurtasun ezaren ordez, langabezia, etxebizitza falta, prezioen igoera edo arrazakeria estrukturalaren inguruan hitz egin beharko genuke. Izan ere, segurtasunaz ari garenean zeinen segurtasunaz ari gara?, galdetu dute. Aurkezpenean ohartarazi dutenez, Egian “kale gorrian bizi diren, etxebizitza baldintza duinetan eskuratzeko aukera duten, edo baldintza oso prekarioetan bizi diren pertsonen kopuruak gora egin du azken urteetan”, eta haien segurtasuna eta ongizatea aldarrikatu dute.
Deitoratu dutenez, gaur egun segurtasunaren diskurtsoen atzetik, “diskurtso arrazista ugari datoz, eta ez dugu halakorik nahi gure auzoan”. Horretarako, “begirada desberdinak partekatuko dituen lanketa kolektibo bat egiteko beharra” nabarmendu dute.
Poliziaren presentzia
Poliziaren presentzia izan dute eztabaidagai: “Gure kaleetan Poliziaren presentzia geroz eta nabarmenagoa izanik ere, uste dugu Egia seguru bat zaintza sare kolektiboak eta elkarbizitzaren indartzeak ekarriko duela. Kontrol polizial arrazistak egiten dira uneoro eta etengabe egiten dira arrazoi fenotipikoek bultzatutako jazarpen eta miaketak”, salatu dute.
“Elkarbizitzarako dei irmoa” egin dute deitzaileek. Eta Poliziaren presentzia konstantearen ordez, alternatibak eskaintzea exijitu diete erakundeei: kale hezitzaileak behar ditugu, kontsumoak lantzeko espazioak, aterpetxeak, zaintza komunitarioa eta beste hainbat baliabide”.
Blas de Oteron, bereziki da nabarmena Poliziaren presentzia. Atzo bertan, aurkezpenak iraun zuen ordu ta erdi eskasean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hiru patruila izan ziren plazan.
Elkartasuna
Topaketa amaitu aurretik, gaur egun norabide horretan lanean ari diren Kaleko Afari Solidarioak, Hiritarron Harrera Sarea, SOS Arrazakeria eta Ongi etorri eskolara elkarte eta kolektiboei euren babesa adierazi diete, egiten duten lanaren ondorioz izaten ari diren jazarpenaren aurrean.
Testua euskaraz, arabieraz eta gazteleraz irakurri dute, kale egoeran dauden hainbat bizilagunek euren esperientziak partekatu dituzte. Amaitzeko, kazkabarrarekin batera, txokolate beroa hartzeko aukera izan dute.
Datozen ekimenak
Hainbat jarduera antolatu ditu sareak datozen hilabeteetarako, data batzuk oraindik baieztatuak ez dauden arren. Azaldu dutenez Gora Egia plataformaren bidez egingo dituzte deialdiak. Taldean parte hartzeko gonbidapena egin dute ere, datorren otsailaren 28an, Teila Fabrikan bilera egingo baitute, 19:00etan.
- Martxoaren 5an Zineforuma: En La Calle Dokumentala Teila Fabrikan. Kale egoerara eramaten zaituen estruktura hobeto ulertzeko gakoak eta egun Donostian dagoen egoera ezagutzeko solasaldia izango da.
- Zurrumurruen Ikastaroa: estereotipoak berrikusi, zurrumurruak moztu eta hainbat egoeretan erreakzionatzeko estrategiak garatzeko ikastaro praktikoa.
- Segurtasun eredu komunitarioak ezagutu eta lantzeko jardunaldiak. Manresan egon den esperientzia oinarri hartuta ereduaren gaineko debatea eman nahi dugu auzotarren artean.
- TXAGOko kideekin tailerra: “Auzo segurtasuna: Poliziaren jazarpenari aurre egiteko estrategia herrikoiak”
- Iruñeko Txantrea auzoko Jakitoki egitasmoaren eta Kaleko Afari Solidarioen arteko solasaldia.