'Negu Hurbilak'-en estreinaldia: isiltasuna, zauri irekiei begiratzeko
Locarnoko Zinemaldian saria eskuratu, eta zortzi hilabetera heldu da Euskal Herrira Negu Hurbilak filma. Horretarako erraztasunik jarri ez, eta traba bat edo beste saltatu behar izan dutela onartu dute zuzendariek Principen, areto betearen aurrean. Filmaren egileak izan dira aurkezpenean.
Negu kolektiboak zuzendutako filmak (Ekain Albiste, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofre, Adria Roca) iheslari baten istorioa kontatzen du, ETAren jardun armatuaren amaieran, ez aurrera, ez atzera geratzen dena, Zubietan (Nafarroa) harrapaturik.
Pelikularen berezitasunetako bat da Zubietarrekin izandako harremana. Azaldu dutenez, Zubietara kasik bi urtez joaten aritu dira, eta bertako errealitatetik sortu zen filma bera. Zubietako herritarrak bihurtu ziren filmeko pertsonaia, eta Zubieta bera, filmaren protagonista.
Itxoitea
Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) da aktore nagusia –eta profesionala den bakarra–, eta berak gorpuzten du iheslariaren ezinegona, geldotasuna, kezka eta isiltasuna. Aurkezpenean azaldu du pertsonaia eraikitzeko “itxarotea” oso presente egon dela: “Zubietara gindoazenean, inoiz ez genekien zer zetorren, eta azkenean, denbora gelditzen zela zirudien. Une batean Jone Laspiurren eta filmeko Joneren arteko nahasketa batean nengoen”.
Xalba Ramirez (Egia, 1990) gidoilaria eta soinu bandaren egileak ere parte hartu du aurkezpenean: “Iheslarien historiak Euskal Herriko gatazka politikoan izan duen papera kontatu nahi genuen, baina hori kontatzearekin batera unibertsala den historia kontatzen dugu: egun mugak pasa behar dituzten migranteena edo 1970eko hamarkadan Portugalgo diktaduratik ihesean, Frantziarako muga pasatzen zutenena”.
Isiltzea
Hain zuzen, Euskal Herriko gatazka politikoa izan dute hizpide zuzendariek, gaira hurbiltzerakoan horren inguruan zegoen “isiltasunarekin harrituta”. Begirada bat falta zelakoan, “irekita dagoen zauri baten inguruan” ari direla onartu dute, gatazkaren zati hori kontatu gabe zegoelakoan. Filmean horren presente dagoen isiltasunak “galdera berriak irekitzen” ditu, erantzunak eman baino.
Negu Hurbilak joan den abuztuan estreinatu zen Locarnoko Zinemaldian (Suitza) eta epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen. Atzo estreinatu zen Hego Euskal Herriko eta Espainiako aretoetan, eta datozen asteetan ikusi ahal izango da.