Argiartean jaialdiak argiak itzali ditu
Kultur arloko kostuen gorakadaren aurrean, neurriak hartu behar izan ditu Donostia Kulturaren kultur ekintza sailak, eta jaialdiari "atsedenaldi bat" emateko gonbita egin diote. Hala, 2024an ez da Argiartean jaialdirik izango.

Donostiako udalak bertan behera utzi du 2024ko Argiartean jaialdia. Arrazoi ekonomikoak direla medio, argia eta arte esperimentala uztartzen dituen jaialdiarekin ez jarraitzea erabaki dutela adierazi zuen festibaleko bultzatzaile Edorta Subijanak sare sozialetan. Inflazioaren gorakadarekin neurriak hartu behar izan ditu Donostia Kulturaren kultur ekintza sailak, eta jaialdiari “atsedenaldi bat” emateko gonbita egin diote. Argiak itzaliko dituztela ezagutu eta astebetera, ordea, kultur sorkuntza eta kontsumoan interesa duen talde batek gutun irekia sortu du festibalaren amaieraren aurka.
Argiartean jaialdia 2019an sortu zen, proba pilotu gisa, hamargarren Olatu Talka jaialdiaren baitan. 2022an, berriz, bere ibilbide propioa abiatu zuen eta Loiolako Erriberako Memoriaren Lorategia aukeratu zuen topaleku gisa. Udako jaialdietatik eta erdigunetik ihesi, urriko lehen asteburuan jarri zuten hitzordua, Rafael Moneok diseinatutako Iesu elizaren inguruan. Jaialdian argi instalazioak handiak, musika eta bestelako arte adierazpenekin uztartzen ziren. Espresuki jaialdirako prestatutako esperimentazio lan handiak aurkeztu ez ezik, diziplina anitzeko artisten erakusleiho bilakatu izan da memoriaren parkea, eta horrek eragin du urte batetik bestera, jaialdia sendotzea.
6.000 lagunek gozatu zuten azken urtean, eta Jose Antonio Sistiaga zinemagilearen proiekzio handiaz gain, Beñat Axiari eta Joseba Irazokik osatutako musika bikotea nagusitu ziren, besteak beste. 2024ko jaialdiaren prestaketan mugitzear zirela iritsi zaie berria antolatzaileei. Pena handiz hartutako notizia izanda ere, horrek susmoa zutela adierazi du Edorta Subijanak, hainbat elkarrizketetan. Antza denez, kultura auzotara bertaratzeko helburuarekin bat egiten bazuen ere, gainerako kultur instalazioetako kostuak nabarmen handitu dira azken urteotan eta 140.000 euroko jaialdia baztertu dute.