Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetza Garibai kalera lekualdatuko dute 2030ean
Urteak dira Amara Berriko bizilagunak Pio XII plazako egoitza auzoaren beharrei erantzuteko aldarrikatzen dutela. 2030erako aurreikusten den lekualdaketarekin, erabilera horrek aukera gehiago izan ditzake.
Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetza Garibai kalean dagoen Espainiako Bankuaren egoitzara lekualdatuko dute. Hala azaldu du gaur goizean Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Ordezkariak. Itxasok adierazi duenez, lekualdaketak “eskainitako zerbitzua” hobetzeaz gain, gainerako erakundeetatik gertu egotea ahalbidetuko du. Era berean, atzean utzitako gunea Amara Berriko bizilagunentzat izan daiteke baliagarri, auzoko beharrei erantzuteko eremu gisa.
2030etrako aurreikusten duten aldaketak hutsik utziko du Pio XIIan duten egoitzaren hegaletako bat. Egun, ehunka zerbitzu eskaintzen dituzte Amara Berriko eraikinean eta 82 langile ari dira bertan lanean. Itxasok azaldu duen moduan, lan talde horren erdia lekualdatuko dute Garibai kaleko egoitza berrira. Era berean, erdialdeko gune berriak ordezkaritzak hiri osoan zehar sakabanatuta dituen hainbat zerbitzu ere hartuko ditu. Hori horrela, ordezkariordea eta bere lan taldeaz gain, Nekazaritza, Industria eta Enplegu Sailak (atzerritartasun bulegoa) lekualdatuko dituzte, besteak beste, egoitza berrira.
Dena dela, 2030etik aurrera ere askotariko zerbitzuak mantenduko ditu egun Pio XII plaza kokatuta dagoen eraikinak, eta bigarren egoitza gisa jardungo duela baieztatu du Itxasok. Besteak beste, hurrengo zerbitzuak mantenduko dira bertan: nazioarteko txertaketa zentroa, osasun zerbitzuak (droga laborategia), AEMET eta kosten demarkazioa.
Ondarearen kudeaketa onuragarria
Itxasoren arabera, eskainitako zerbitzuaren hobekuntzaz harago, lekualdaketa onuragarria izango da ondarearen kudeaketari dagokionez ere. Gobernuaren ordezkaritza hartuko duen eremu berriak 3.000 metro koadro ditu eta, eta zaharberritze lanen ostean erabilera emango diote “hiriaren historian garrantzi handia izan duen” eraikin bati.
Lekualdaketak, halaber, aurretiaz zegoen eremuari erabilera berriak izateko aukera emango dio. Urteak dira Amara Berriko bizilagunak eremu hori auzoaren beharrei erantzuteko aldarrikatzen dutela. Mariano Rajoy presidente zela egin zuten azken saiakera, baina orduan atzera bota zuten, ordezkariordetzaren egoitzak eremu guziak erabiltzen zituela baieztatuta. Orain, baina, Polizia Nazionalaren zerbitzuak Aldunaenera eraman dira eta 2030rako aurreikusten den lekualdaketarekin aukerak ugaritu zaizkie amaratarrei.
Amarako zentroa aldatzeko operazioa amaitu ondoren, “Donostiako Udalarekin salerosketa akordioa lortzen saiatuko ginateke, Amara auzoko kultura zerbitzuen eskaerari erantzuteko, azken bost urteetan eskatu duen bezala”, adierazi zuen Itxasok.