Kirol Txarteleko abonatuen kopurua %5,5 hazi da azken urtean

Kirol Txarteleko abonatuen kopurua % 5,5 hazi zen 2023an, donostiarren % 30era iritsi arte, eta igoera hori lagungarri izan da Altzako kiroldegi berria irekitzeko. Hala adierazi zuen, Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak, 2023ko Memoriaren aurkezpenean. Ostiraleko agerraldian zehaztu zuenez, Donostia Kirolaren instalazioen erabilerek errekorrak hautsi dituzte, lehen aldiz 3,5 milioiko langa gainditu baitute —2022ko ekitaldian baino % 12,5 gehiago—.
Udal patronatuaren 2023 Memoriak jasotzen duenez, Antigua da abonatu gehien dituen auzoa, eta atzetik du Altza. Kiroldegiei dagokionez, bestalde, Paco Yoldi erabiliena, 453.777 erabilerarekin, Zuhaizti kiroldegia 363.352 erabilerarekin eta Altzakoa, 315.259 erabilerarekin. Gabarainek adierazi zuenez, halaber, patronatuak 1,3 milioi euroko diru laguntzak eman dizkio kirolari ( % 2 gehiago), eta horietatik 38 ikastetxe eta 79 kirol klub izan dira onuradun. Eskola kiroleko lehiaketek beren partaidetza mailari eutsi diote, matrikulatutako haurren % 70ekin.