Udal aurrekontuaren osoko zuzenketa aurkeztu du PPk, udal gobernuak aurkeztutakoa altuegia dela iritzita
Osoko zuzenketaz gain, 293 zuzenketa partzial aurkeztu ditu PPk, tartean Donostiako Piraten abordatzearen diru laguntza "doitzea".

Donostiako PPk udal gobernuaren 2024ko udal aurrekontu proiektuaren osoko zuzenketa aurkeztu du, eta nabarmendu du EAJren eta PSE-EEren kudeaketa osoari aurkeztutako zuzenketa dela. “Donostiako Udalaren 2024ko aurrekontu proiektua kontinuista da, donostiarrei gero eta ahalegin gehiago eskatzean oinarritzen dena, eta EAJk eta PSE-EEk uko egiten diote gastuari eusteari”, salatu du Borja Corominas bozeramaileak. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak ere osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete aurrekontuei.
Halaber, gogorarazi du udal gobernuak aurkeztutako aurrekontua 483,6 milioi eurokoa dela, “iazkoa baino 21,6 milioi altuagoa”: “2015az geroztik, EAJ PSE-EEren laguntzarekin Donostiako alkatetzarekin egin zen urtetik, udal aurrekontua 126 milioi euro handitu da”. “Ugaritasunetik kudeatzea erraza da, ez du inolako ahaleginik behar eta jende asko pozik edukitzeko aukera ematen du, baina donostiarrei etengabe ahalegina egitea eskatzen die, eta hori ezin da mugarik gabe onartu. Noiz arte gizendu ahal izango dugu sektore publikoa sektore pribatua kaltetu gabe, donostiarrak ahuldu gabe?”, gehitu du. Halaber, udal aurrekontua KPIaren gainetik handitu izana leporatu dio bozeramaileak udal gobernuari.
Horrela, osoko zuzenketaz gain, 293 zuzenketa partzial aurkeztu ditu PPk, hainbat arlotakoak. Ekonomikoki altuena kaleen asfaltatzeari dagokiona da, lan horietara 500.000 bideratzea proposatu baitute: “Donostiatik zirkulatzea Mendebalde Urrunetik zirkulatzea bezalakoa da, gure errepideetako zuloen eta orbainengatik”. Bestalde, honakoak dira beste zuzenketa aipagarri batzuk: 20.000 euro disuasio aparkalekuen plan bat garatzeko, 256.000 euro mugikortasun bertikala sustatzeko Amara eta Aiete auzoen artean eta Altzako Oleta auzunean, 50.000 euro Egiako komisaria berria eraikitzeko proiektuarentzat, zelatatzeko bideokamerak erosteko ia 150.000 euro, 110.000 euro kaleetako argiztapena hobetzeko eta 60.000 euro Gazteria arlorako; 20.000 euroko hiru partida, bat arratsaldez alkoholik gabeko festak antolatzeko, beste bat udalak aire zabalean festak antolatzeko eta beste bat kirol instalazioak gauerdira arte irekita mantentzeko.
Bestalde, eduki ekonomikorik gabeko hiru zuzenketa partzial aurkeztu ditu PPk, eta horietako bat Donostiako Piratei dagokiena da, “abordatzeko diru laguntza doitzea” proposatu baitu alderdi eskuindarrak. Ez da Piraten aurka jotzen duen lehenengo aldia, besteak beste, herri mugimenduari diru laguntza kentzeko eskatu baitzuen PPk 2021ean. Eduki ekonomikorik gabeko beste bi zuzenketak dira “grafitiak eta pintaketak garbitzeko brigada iraunkor bat sortzea” eta “publizitate dokumentuetan informazio ekonomikoa eta ale kopurua txertatzea”.