Udalak Donostiako inauterietako ospakizunak debekatu zituen gaurko egunez duela 210 urte

Gaurko egunez duela 210 urte, 1814ko otsailaren 26an, Donostiako Udalak debekatu egin zuen inauterietan dantzaldiak, danbolinak eta demak antolatzea. Sei hilabete eskas lehenago, 1813ko abuztuaren 31n, espainiarren aliatu ziren armada ingeles, eskoziar eta portugaldarrek hiria erre zuten eta sarraskia egin zuten herritarren artean, ehunka hilez eta bortxatuz. Horrela, Rafael Aguirre Francok Efemerideak Donostia-San Sebastian 1813-2013 (Kutxa) liburuan jaso zuenez, herritarrentzat alaitasun hori iraingarri izan zitekeela argudiatuta hartu zuen neurria udalak, hauek erabat “txirotuta, lapurtuta, gaixotasunez eta nahigabez beteta” zeudelako. Argia aldizkariak jaso du efemeridea bere efemerideen kanalean.
Javier Sada historialariak gaiari buruz idatzi zuen El Diario Vasco-n 2019an, eta azaldu zuenez udalak erabaki zuen inauteriak debekatzea honako arrazoi honengatik: “Udalerria materialki eta moralki berreraikitzeko gobernuari laguntza eskatu ondoren, ez litzatekeelako ulertuko jaia egotea”. Ordea, herritarrek eskatuta, Joaquin Michelena alkateak inauterietako hirugarren egunean baimendu zituen demak eta danbolinak, Sadaren arabera. Nahasmendua izan zen, hala ere, Jaietako zinegotziak ospakizunak debekatu baitzituen berriz ere, baina alkateak bere erabakia berretsi zuen, baina Iriyarena interpretatzeko agindua eman ere.
Garai hartan, ordea, bi alkate hautatzen ziren (1845era arte izan zen horrela), eta zinegotzia bigarrenarengana, Pedro Gregorio Iturberengana, joan zen kexatzera, eta honek debekatu egin zuen Michelenak baimendutako guztia, Sadak jaso zuenez: “Michelena jaunak zioen: ‘Hainbeste zoritxarren ondoren, poztasunen bat eman behar zaio herriari’. Iturbe jaunak zioen: ‘Laguntza eskatu berri dugu, eta kalean dibertsioa egonez gero, ez dute sinistuko laguntza behar dugunik'”. Handik bi urtera, 1813ko sarraskiaren osteko lehenengo karrozak atera ziren kalera inauterietan.