6.200 emakumek hartuko dute parte 2024ko Lilatoian
Matxoaren 3an, festa, kirola eta berdintasuna izango dira nagusi Donostiako kaleetan. Aurten, dortsal bakoitzeko euro bat emango diote Zaporeak elkarteari.
1990an sortua, lasterketak aurrerapauso handiak eman ditu ditu emakumezkoen* kirolaren esparruan. Egun, berdintasunaren ikur izateaz gain, “egungo gizartearen isla” izatea iritsi dela baieztatu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak: “Hasieran ehunka baziren, egun milaka dira”. Adierazi du, halaber, emakumeen kirol zaletasuna bultzatzeko sortutako egitasmoak muga guztiak gainditu dituela. Azken urteotan, gainerako lasterketa eta kirol probetan emakumeen* kopurua igo da, eta proba handietan ere euren ikusgarritasuna normalizatzea eragin du. Kirol esparruan egindako oinkada zabalak irmoak diren arren, Emakundeko buruaren hitzetan, arrakala handia dago oraindik generoen artean, eta “emakume gazteek zailtasun gaindiezinak” topatzen dituzte “kirol ibilbiderako” bidean.
Martxoaren 3a
Egunotan kamisetak eta dortsalak jarri dituzte eskuragarri Euskal Herriko hamar bilketa guneetan. Gipuzkoako lurralde historikoan ez ezik, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean ere egongo dira eskuragarri. Egunean bertan, berriz, 9:00etan geldituko dira parte hartzaile guztiekin Gipuzkoa Plazan, kontsigna zerbitzua bertan izango baitute. Horren ostean, zumba saioa izango dute 9:30etan, Bulebarreko kioskoan. 10:25etan abiatuko dira korrikalariak eta esku bizikleta modalitatean egingo dutenak. Festa giroa, baina, ez da lasteketarekin amaituko, oinkada luzeekin izerditu ostean, Lilapoteoa egingo baitute Parte Zaharreko kaleetan.