Amarako Eraman & On Egin janari dendak ateak itxiko ditu
Alokairuaren eta produktuen prezioen gorakadak saltokiaren itxiera eragin du.
Bost urteren ostean, Eraman & On egin janari dendako Miren eta Jonek agur esatea erabaki dute. Sare sozialetan adierazi duten moduan, euren “bihotzeko min izugarriarekin” bada ere, Amara 14 lokaleko pertsiana jaitsi behar dute nahitaez: “Duela bost urte baino gehiago gure ilusioarekin ireki genuenean, ez genuela imajinatzen egunen batean pauso hau eman beharko genuenik, baina saihestezina bihurtu da”.
Janari denda kudeatzen duen bikoteak azaldu dutenez, itxieran pentsatzea “emozionalki onartezina” suertatzen zaien arren, ezinezko dute egungo baldintzekin aurrera jarraitzea: “Daukagun alokairu izugarriarekin, etengabe igotzen ari diren prezioekin eta abarrekin, guztiz bideraezina da orain arte eskaini dizkizuegun elaborazio guztiak eskaintzen jarraitzea”. Jabeak penatuta agertu dira, halaber, janari denda izateaz harago, auzoko eta inguruko bezeroekin sortutako ohiturak eta harremanak amaituko direlako. Hori horrela, eskerrak eman dituzte “lehenengo egunetik” jasotako maitasun eta laguntzagatik.