Eureka! Zientzia Museoak udalekuak antolatu ditu Aste Santurako
Aste Santuko oporrak iristear direla eta, Eureka! Zientzia Museoak udalekuak antolatu ditu, astronomia, zientzia eta teknologia ardatz dituzten jarduerekin. Udaleku horiek, hainbat azpitaldetan banatu dituzte, adinaren arabera.
Zientzia Txokoan udaleku zientifikoak egingo dituzte, eta esperimentuak eta bisita gidatuak antolatuko dituzte Zientzia Museoan. Zientzia Txokoa 4-10 urte bitarteko haurrentzat izango da.
Udaleku teknologikoetan robotikaren eta bideo jokoen inguruko programazioa eskainiko dute, 8-14 urte bitarteko gaztetxoentzat.
Azkenik, Astronauten akademia – Mission X udalekuetan jarduera astronomikoak landuko dituzte. NASAk, ESAk eta UK Space Agencyk garatutako hezkuntza programa da, Aranzadi elkarteak emana. Jarduera astronomiko horiek 8-12 urte bitartekoentzat antolatu dituzte.
Jardueren ordutegia 09:00etatik 13:30era izango da, eta jangela zerbitzua 15:00ak arte luzatuko da.