Bizilagunekin plataformak salatu du Ametzagainako ostatu turistikoa hotel gisa salgai jarri dutela
Plataformatik diotenez, Donostiako udal parke handienetako batean sortutako eremua izanda, agerikoa da hiri-bizigarriaren ereduaren aurkakoa dela.
Bizilagunekin plataformaren arabera, “Donostian hotel berriak irekitzeko ateak zabalik jarraitzen du“. Hala zabaldu dute sare sozialetan, Ametzagainako ostatu turistikoa hotel gisa salgai dagoela jasotzen duen albistea zabaldu ostean. Adierazi dutenez, 6.100.000 euroko prezioan saltzen duten eremua Ametzagaina parkean txertatuta dago eta, horrenbestez, “mehatxu bat” da ingurumen ikuspegitik.
Aterpetxeak 50 logela ditu baina 70era zabaltzeko aukera dagoela jasotzen du iragarkiak. Bost eraikin dira orotara, eta “3 solairu, 2.921 m2ko azalera, 2 merkataritza lokal, jatetxea, taberna, 2 terraza estali eta ekitaldietarako hainbat areto ditu”. Era berean, kanpoaldean ere lorategia, igerilekua, tenis eta padel kantxak, futbol zelaia eta beste kirol jardueretarako eremua ditu.
Lizentziarik ez, bi urtez
Egun batzuen barruan urte bat beteko da Donostiako Udalak onartu zuenetik hirian ostatu turistiko berriak irekitzeko baimenen inguruko moratoria, eta aurreikusita zegoen moduan, luzapena onartuko du martxoko udalbatzarrean, hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren arabera. Zehazki, bi urtez luzatuko dute moratoria, 2026ko apirilera arte, hiri antolamenduko plan orokorreko (HAPO) aldaketa bat onartuz. Horren bidez, Donostian ezingo dira hotelak, etxe turistikoak edo pentsioak ireki, aurrez lizentziarik ez badute, betiere. Hori horrela, eraikuntza edo erabilera berriko establezimenduei eragiten die neurriak, batik bat.