Elkarretaratzea egingo dute bihar Aspaceko eguneko zentroko langileek Gipuzkoa Plazan
Aspaceko eguneko zentroko langileek lau greba egun egingo dituzte otsailetik maiatzera bitartean. Bihar, otsailak 29, izango da lehen greba eguna, eta kontzentrazio bat egingo dute 11:00etan, Gipuzkoa Plazan. ELAk eta CCOOk deitu dute grebara. Zehazki, otsailaren 29an, martxoaren 14an, apirilaren 11n eta maiatzaren 8an egingo dute greba.
“Behin eta berriz langileen ordezkariek hainbat proposamen mahai gainean ipini badituzte ere, Aspaceko zuzendaritzak ez du beren langileen erosahalmena bermatu nahi”, salatu dute sindikatuek. Era berean, langileen aldarrikapenak erosahalmena bermatzetik harago doazela nabarmendu du: “Langileek zainduak izan nahi dute enpresaren partetik, hau gaur egunean ez baita horrela. Zaintzeko, zainduak izan behar dute. Horregatik, soldataz gain, gainontzeko hobekuntzak behar dituzte: lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak, hobekuntza sozialak eta enpresaren beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzea”.