Gau tristea Anoetan
Nahi eta ezin ibili zen Reala atzo Anoetan Mallorcaren aurka eta kolpe gogorra jaso zuen, kopako finaletik kanpo gelditu baitzen. Joanekoan hutsera berdindu ostean, 1-1-ekoa zen markagailua itzulerako partidako 120. minutuan, eta penaltietan erabaki zen kanporaketa.
Realaren eta Mallorcaren arteko partidako une bat.Reala Kopako finalerdietako zozketa egin zenean dena Realaren alde zegoela zirudien: Mallorca aurkari, itzulerako partida etxean eta Athleticen aurkako final hipotetiko bat jomugan, 2021ean zalerik gabe jokatutakoaren errepikapena, baina oraingoan zaleekin. Ordea, denboraldiko unerik txarrenean iritsi da kanporaketa Realarentzat, fisikoki ukituta baitago taldea, bere jokoa egin ezinik gabe dabil, golak egiteko izugarrizko zailtasunak ditu eta freskotasuna falta zaio. Horren emaitza atzo ikusi zen Anoetan: partida menderatu, saiatu eta saiatu, baina galdu. Bukatu da, kopako finalik gabe gelditu da Reala.
Lehenengo zatian ez zen aparteko gol aukerarik izan, bi taldeak nahiko pareko aritu baitziren, elkarren arteko errespetu handiz. Atsedenaldia heltzear zela, ordea, Antonio Raillo atzelariak eskuarekin ukitu zuen area barruan Zubimendiren erdiraketa bat, eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi zuen. Atsedenaldiaren aurretik partida hautsi zezaketen txuri-urdinek, eta akaso gaurko kronikak desberdinak lirateke penaltia gol bihurtu izan balitz, baina ez zen hala izan. Mikel Oiartzabal kapitaina ez zegoen zelaian, eta Brais Mendezek jaurti zuen, baita gaizki jaurti ere. Erdi-erdira bidali zuen eta Greif atezainak gelditu egin zuen; denboraldi onetan huts egin duen hirugarren penaltia da Braisentzat.
Bigarren zatian intentsitate handiagorekin zelairatu zen etxeko taldea, baina balearrak aurreratu ziren, Gio Gonzalezek erdiraketa bat buruz erraztasun handiegiarekin errematatu zuenean, 50. minutuan. Horrela, bankua mugitzea erabaki zuen Imanol Alguacil entrenatzaileak, eta taldea are intentsitate handiagoarekin aritu zen 67. minutuan Oiartzabal zelairatu zenetik. Partida irauli zuen kapitainak, beste erritmo bat eman baitzion, baita sartu eta lauzpabost minutura berdinketaren gola egin ere. Area barruan Braisen pasea jaso zuenean, eskuin hankarekin izanda ere, ez zegoen beste aukerarik, gol izan behar zen, eta hala izan zen, jaurtiketa bikain gurutzatu baitzuen kapitainak.
Giroa asko berotu zen orduan, eta Anoetako 35.000 realzaleen bultzadarekin, txuri-urdinak bigarrenaren bila joan ziren, Mallorca bere arean sartuta zegoen bitartean. Etengabe saiatu zen Reala, Kuboren, Oiartzabalen eta Merinoren bidez besteak beste, baina ezin. Sheraldo Becker zelairatu zenean ere arrisku handia sortu zuen ezker hegaletik, eta gol aukera argiren bat izan zuen, baina ez zuen asmatu. Punteriarik gabe ibili ziren jokalari txuri-urdinak neurketa guztian zehar, jaurtiketa asko kanpora bidalita.
Luzapena heldu zen, eta denak antzeko jarraitu zuen: Reala saiatu eta saiatu, eta Mallorca hala moduz markagailuari eusten eta bere partida egiten —hori ere futbola da, eta duen meritua aitortu behar zaie balearrei—. Luzapeneko eta ziur aski partidako gol aukerarik argiena Merinok eta Tierney izan zuten, erdiraketa bat Merinok buruz errematatu eta golaren marran bertan atera baitzuten atzelariek, eta aldaratzean Tierneyk egindako jaurtiketa gogorra ere langaren azpitik atera zuten.
Horrela, penaltiak heldu ziren, eta hor ere dena alde zegoela zirudien, Aitor Zabaleta harmailaren aldean bota baitzituzten penaltiak, animazio taldearen babesarekin. Ordea, gaizki hasi ziren: Oiartzabalek bota zuen lehenengoa eta Greifek gelditu zion; kapitainak irauli zuen partida eta berak huts egin zuen txuri-urdinen porrota eragin zuen penaltia. Turrientesek, Olasagastik, Zubimendik eta Beckerren sartu egin zituzten beraien penaltiak, baina Alex Remirok ezin izan zuen Mallorcakoen penalti bat bera ere gelditu, eta, beraz, Balear Uharteetara joan zen garaipena. Atzokoarekin, sei penalti txanda jarraian galdu ditu Realak 1989tik.
Liga eta Txapeldunen Liga gelditzen zaizkie orain txuri-urdinei, eta hobe dute azkar gainditu atzoko kolpea eta horietan zentratu, ate joka baitago PSGren aurkako kanporaketako itzulerakoa eta ligako sailkapena oso estu baitago. Pena handiz, baina hemen bukatu da Realaren kopako abentura aurten, eta final batean euskal derbia zaleekin bizitzearena beste baterako utzi beharko da. Txuri-urdinei, hala ere, aitortu behar zaie egiten ari diren denboraldia, nahiz eta ez diren ondo iritsi fase erabakigarrira. Baina egongo dira aukera gehiago, ibilbide luzea baitu aurretik talde honek. Bultzada Txuri Urdinak argi abestu zuen taldea porrotaren ostean agurtzerakoan: “Hor dago, hori da, talde txapelduna!”.


