Tokiko merkataritzari buruz hausnartzeko osoko bilkura berezi baten eskaera erregistratu du EH Bilduk
EH Bilduk, Udalbatzaren Organo Araudiko 52. artikuluan ezarritakoaren babesean, osoko bilkura berezi baten eskaera erregistratu du, merkataritza txikiak hirian duen egoerari buruzko eztabaida monografiko bat egiteko. Eskaera erregistratu ondoren, hitzordu berezirako deia hamabost eguneko epean egin beharko da.
Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eta Ricardo Burutaran zinegotziak azaldu dute egitasmoa gaur: “Tokiko merkataritzak berezko izaera ematen digu, eta funtsezko eginkizuna betetzen du auzoak eta kaleak bizirik mantentzeko, sozializaziorako tresna ezin hobea baitira. Une honetan merkatariek zailtasun askori egin behar diete aurre, hala nola alokairu garestiei, azalera handiei, frankiziei eta nazioarteko logistikako beste enpresa handi batzuei. Eta, kasu askotan, belaunaldi erreleboa oso zaila da, eta gehienetan itxieraren alde egiten da”.
Donostia Sustapenaren datuen arabera, 2018tik 2020ra bitartean, 179 saltokik itxi zuten negozioa, “eta joerak ez du hobera egin, kontrakoa baizik”, EH Bilduren arabera.
Izagirrerentzat, tokiko merkataritzarekin, etxebizitzarekin edo turismoarekin bezala, “argi dago erronka garrantzitsuak ditugula eta Donostian konponbide eta norabide desberdinak behar ditugula horiei aurre egiteko. Orain arte aplikatutako politikek ez dute funtzionatzen”.
EH Bilduk azaldu duenez, “eztabaidaren erdigunean” jarri nahi du hurbileko merkataritzaren egoera, eta irtenbideak proposatu nahi ditu. Horretarako, sektoreko eragileekin, merkatariekin eta hainbat auzotako elkarteekin topaketak egin ditu, haien kezkak eta ekarpenak jasotzeko. Proposamenak osoko bilkura berezira eramango ditu.
Auzoen arteko desberdintasunak
Auzo bakoitzak bere berezitasunak ditu eta haiei erreparatu die Burutaranek: “Gai asko eta askotarikoak dira merkataritza txikiaren ahulduran eragina dutenak. Adibidez, Parte Zaharrean, auzoan dauden ostalaritzako eta sukaldaritzako jardueren kontzentrazioarekin batera, orain lokal berriak okupatu eta erabiltzen dira biltegi gisa. Eta horrek guztiak Parte Zaharraren tematizazioa areagotzen laguntzen du, batez ere turismorako leku gisa; auzoko merkataritza tradizionala kanporatzen du, eta auzotarrek ikusten dute gero eta lokal gutxiago daudela inguruan, eta gero eta lokal gehiago daudela ostalaritza eta jatetxe jarduerarekin lotuta”.
EH Bilduren ustez, auzoetako erreferentziazko elementuen banaketan desberdintasun gehiegi egoteak, Erdialdean kontzentratuz, auzoei hiri eremu horietan saltokien irekiera sustatzen laguntzen duten elementu eragileak izateko aukerak gutxitzen dizkie. “Elementu traktoreak modu orekatuan banatzeko politika egokirik ez egoteak Roteta, Intxaurrondo Zaharra edo Martutene bezalako auzoetako merkataritza desertizazioa areagotzen du, kasu batzuk aipatzearren”, adierazi dute.
Merkataritza ardatzak sortzea eta errentak mugatzea
Osoko bilkura berezi horretarako aurkeztu duten mozioaren bidez, udal gobernu honen konpromiso irmoak lortu nahi dituzte; “anbizioa eta borondatea falta” zaizkiola uste dutelako. EH Bilduk eskatu du “Merkatarien Federazioarekin, elkarteekin eta udal taldeekin lankidetzan, Amara eta Amara Berri auzoetarako merkataritza ardatz baten edo batzuen proposamen pilotu bat diseinatzeko, inguruaren berraktibazio komertziala bilatzen duten neurri eraginkorrak ezartzeko”.
Halaber, udal gobernuari eskatu diote Parte Zaharra birgaitzeko Merkataritza Plana egin dezala. “Plan horrek neurriak proposatuko ditu hurbileko merkataritza suntsitzea itzulezin bihur ez dadin”, azaldu dute.
Horrez gain, EH Bilduk azterketa bat egiteko eskatuko du, “zehatz mehatz aztertzeko tokiko merkataritzaren egoera eta udalarenak edo Etxegintzarenak diren lokalak errenta mugatu batekin merkaturatzeko eta sustatzeko formulak, auzoetan bizitza sortzen lagunduko duten jarduerak ahalbidetzeko”.
Azkenik, udal gobernuari eskatuko diote formulak azter ditzala bizitzeko egokiak diren etxeetan ezarrita dauden jarduera ekonomikoak kalean dauden lokaletara eraman ahal izan daitezen, lokal hutsak betetzen lagundu eta etxebizitzetan husten direnak bizitzeko bideratuz.