Ertzaintzak eta Udaltzaingoak plan berezia egin dute Realaren Txapeldunen Ligako «arrisku handiko» partidaren aurrean
Martxoaren 5ean, 21:00etan, Anoetan jokatuko den Realaren eta Paris Saint-Germain futbol taldeen norgehiagoka “arrisku handiko partida” izango dela ohartarazi dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Hori dela eta, segurtasun dispositibo berezi bat prestatu dute hiri osoan, eta hain zuzen ere, partida hasi baino ordu batzuk lehenago estadioaren inguruko trafikoaren fluxuetan eragina izango duen dispositiboa. Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren, Donostiako Udalaren eta Realaren hainbat ordezkarik bilera egin dute gaur, segurtasuna bermatzeko neurriak adosteko.
Hartu diren neurrien artean, 19:00etatik aurrera Amara Berrin ,Pio XII eta Anoeta Estadioaren artean, trafikoa moztea erabaki dute. Garraio publikoak eta larrialdi zerbitzuek igaro ahal izango dute soilik.
Partidaren nazioarteko izaera eta pertsona ugariren bertaratzea dira arrisku handiko partida izendatzearen arrazoia. Hori dela eta, aurreko egunetik “segurtasun dispositibo berezia” aktibatuko da hirian. Udalaren eta segurtasun operatiboaren arduradunek dei egin dute garraio publikoa erabiltzeko, estadiora denborarekin joateko eta Amarako auzotarrei zein hiriko beste auzoetako bizilagunei eskatu diete kontuan hartzeko neurriok euren egunerokotasunean izan ditzaketen eraginak.
Amara Berriko bizilagunak
Amara Berrin TAOren 5-1 sektorearen egoiliar txartela duten auzotarrek euren ibilgailuek hiriko beste edozein sektoretan aparkatu ahal izango dute, martxoaren 4tik 6ra, biak barne, sektore bakoitzaren TAO egoiliar txartela duten baldintza berberetan.
Dena dela, segurtasun arduradunek herritarrei eskatu diete, ahal duten heinean, “aipatutako eremu perimetralera ez hurbiltzeko, bide alternatiboak erabiltzeko eta egingo diren sarrerak eta irteerak denborarekin planifikatzeko”.
Beste hainbat neurri
Gainera, gogorarazi dute kirolaren bortizkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta tolerantzia ezaren aurkako Legeak kirol-instalazioetan edo inguruetan bengalak eramatea edota erabiltzea debekatzen duela, eta bide publikoan erabiltzeak ere Hiri Segurtasuna Babesteko Legea erabilita zigortu daitekeela, betiere baldin eta arau-hauste penalik ez badago.