Euskaraz jolasean aritzeko Parketarrak egitasmoa egingo dute martxoaren 4tik 22ra
Parketarrak egitasmoa martxan jarriko da martxoaren 4tik 22ra Donostiako hogei jolasgunetan. Euskaraz jolasean aritzeko proiektu hau astelehenetik ostiralera egingo da, arratsaldez, hamazazpi auzotan: Aiete, Altza Herrera, Altza Casares, Antigua, Añorga, Amara Berri (Olaeta), Amara (Araba parkea), Egia (Martin Santos plaza), Egia (Atotxa Zelaia plaza), Gros (Katalunia plaza), Gros (Nafarroa Behera plaza), Ibaeta, Igeldo, Loiolako Erribera, Intxaurrondo, Martutene, Morlans, Parte Zaharra (Zuloaga plaza), Txomiñenea eta Zubieta.
Auzo horietako plazetan eta parkeetan haurrak eta gurasoak biltzen dira, bi taldetan: Zabu Zibu izenekoa, 3-5 urte arteko haurrekin eta haien arduradunekin; eta Txirrintxon deiturikoa, 6-9 urte bitarteko umeekin. Jolasguneetan jartzen diren dinamizatzaileak dira jarduera gidatzeaz arduratzen direnak.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen dute jarduera hau, hizkuntzaren erabilera indartu nahi dutelako aisialdiaren eremuan. Egitasmoa urteko hiru sasoietan antolatzen da: martxoan, maiatzean eta urrian.
Joan den urriko txandako parte-hartzea
Parketarraken aurreko txanda joan den urrian izan zen, eta udalaren arabera, aurreko edizioetan bezala, haur askok parte hartu zuen, eguraldiak askorik lagundu ez zuen arren (70 saio inguru antolatu ziren). Zehazki, 1066 haur eta 133 guraso edota tutore ibili ziren Parketarraken bueltan, iazko urrian.