Gladys Eneako zuhaitz bereziak identifikatzeko plakak jarri dituzte
Donostiako Udalak Gladys Enea parkeko zuhaitz bereziak identifikatzeko 29 plaka jarri ditu, Europako Next Generation funtsak baliatuta. 29 zuhaitz berezi horietako zortzi hiri antolamenduko plan orokor berrian sartuko dituzte, Zuhaitz Bereziak kategorian: “Gaur egun, egoera horretan daude Berioko artea eta Igarako haritza. Zuhaitz berezien figura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legean jasota dago. Haren ezaugarriak, tamaina, adina, historia edo edertasuna direla eta, babes berezia behar duten zuhaitzak dira”, azaldu du udalak.
Plakak jarri izanaren helburua, Marisol Garmendia Ekologia zinegotziaren arabera, “natura ondarea duten, ezaugarri bereziak dituzten eta kontserbazio egoera onean dauden zuhaitzak ezagutaraztea” da helburua: “Jarritako panelek zuhaitzaren latinezko izena dute, baita euskarazko eta gaztelaniazko izenak ere, hobeto identifikatzeko. Gainera, QR kode baten bidez, udalaren parke eta lorategien webgune berrituan sar gaitezke. Bertan, zuhaitzen fitxak daude, espezie bakoitzari buruzko informazio gehiagorekin”.
Bestalde, ibilbide botaniko bat sortu dute parkean, jendeak eremuko zuhaitzak hobeto ezagutzeko helburuarekin. Kristina Enean, bertako zuhaitz-aberastasuna hobeto ezagutzeko. “Seinaleak, euskarri metalikoan, duela egun batzuk jarri dira eta, zoritxarrez, bandalizatzen hasi dira dagoeneko, kartela erauziz, pintatuz edo lekuz mugituz. Dagoeneko konpondu da, baina herritarren gizalegea eskatzen dugu parkeko espezieen aberastasuna nabarmentzeko eta ezagutzeko garrantzitsua den material hori ez kaltetzeko”, nabarmendu du udalak.