Iñaki Ciden 'Errautsak' proiektua hautatu dute Audiogile Berriak deialdian
Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak Audiogile Berriak deialdian hautatutako egileak hartuko ditu gaurtik aurrera: Autopsiak, Xabier Paya Ruizena; Enkantea, Garazi Urkola eta Hodei Arrastoarena; eta Errautsak, Iñaki Cid Larrearena.
Audiogile Berriak Tabakalerak eta EITBk bultzatutako ekimena da, hautatutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna azpimarratuz euskarazko soinu fikzioa bultzatzea helburu duena. Horretarako, prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta finantza laguntza eskainiko dizkie aukeratutako sortzaileei gidoiaren garapena lantzeko.
Programaren lehen fasea Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian izango da, aurtengo otsailetik maiatzera bitartean. 2019 urtean sortu zen laborategiak talentua eta sormen testuinguru berriak sustatzea du helburu. Mentoretzak eta aholkularitza eskaintzen ditu, eta hainbat kolektibo egoiliarren ikus entzunezko egonaldiak babesten ditu zenbait egonaldi arrakastatsuren bidez. Audiogile Berriak deialdiarekin, lehen aldiz, soinu fikzio proiektuak sustatuko ditu eta programan parte hartuko duten hiru proiektutatik bat ekoizteko aukera izango du EITBren eskutik.
Deialdian hautatutako hiru proiektuek 2.000 euroko laguntza jasoko dute gidoiaren garapenean lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren eskutik. Prestakuntzako eta gidoia garatzeko trebakuntza saio bereziak ere izango dituzte.
Proiektuak eta sortzaileak
‘Errautsak’
Sinopsia: Koro, Isa, Nuntxi eta Maite lagunak dira txiki-txikiak zirenetik. Gaur egun, gutxiago ikusten dute elkar, baina elkarrekin duten Whatsapp taldeak lau lagunak inoiz baino batuagoak dauzka. Egunero bidaltzen dizkiete mezuak batak besteei eta audioak bidaltzen ikasi dutenetik elkarrekin egongo balira bezala sentitzen dira; izan ere, lau lagunak bakarrik bizi dira, eta talde hau bakardadearen aurkako sendagaia bilakatu da.
Iñaki Cid Larreak (Donostia, 1986) 2021ean lortutako antzerkigintza berrien bekaren ondoren idatzitako Behin batean Loiolan antzezlanarekin Donostia Kutxa literatura saria irabazi zuen 2022an. Urte berean bertako kidea den amaHiru konpainiarekin Gaizki eta Duzhe Dobre antzezlanak sortu zituen (bertan aktore lanetan), eta biak izan ziren sarituak Pabellon sei antzerki laburren jaialdian. Gaur egun Duzhe Dobre antzezlanarekin biran ari da, martxoan Viktoria Eugenia antzokian egongo dena, besteak beste. 2024ean, Cafe Bar Bilbao Tartean antzerki laburreko saria irabazi du Arropa zuria testuarekin. Euskadi Irratian ostiralero Baipasa saioan kolaboratzen du, eta aurten, euskaraz lehenengo aldiz egingo den Federico Garcia Lorcaren Yerma antzezlana estreinatuko du Zurriola antzerki taldearekin.
‘Autopsiak’
Siposia: Euskal Herriko gorputegi bateko forentsearen grabagailuko bost grabazio. Bost gorpuak ez dira edozein, eta ez dira edonola hil. Forentseak eta gorputegiko laguntzaileak kanpotik eta barrutik behatu beharko dituzte hildakoen gorpuak, baita eurekin agertutako jabetzak ere, heriotza bakoitzaren zergatiaren aztarnen bila.
Xabier Paya Ruiz kultur kudeatzailea, itzultzailea, bertsolaria eta idazlea da. Itzulpengintzan eta Interpretazioan lizentziatua, kultur arloko graduondoko hainbat ikasketa ditu. Hogei bat literatur itzulpen, antzerki egokitzapen, gidoi, ipuin eta eleberri grafikoren egilea da, eta urte askoan aritu da zutabegile gisa prentsa idatzian eta irratian. Donostiako Europako Kultur Hiriburuaren programa zuzendu zuen 2016an.
‘Enkantea’
Sinopsia: Galarreta andereak hainbat pertsona prestigiotsu gonbidatuko ditu bere jauregian ospatuko den enkantera, bertan bere senarrak hil aurretik sortu zuen bitxi preziatuena jarriko da eskuragai: diamante urdinaren lepokoa. Ospakizuna hasi aurretik, ordea, jauregiko argiak itzaltzen dira bat-batean eta kristal bat entzuten da hausten. Argitasuna itzultzean bitxia desagertu dela ikusten dute gonbidatu guztiek. Nor da lapurra? Gonbidatuen artean dagoen Otxoa ikertzailea kasua argitzen saiatuko da.
Garazi Urkola aktorea eta sortzailea da. Bilboko Dantzerti eskolan arte dramatikoan graduatua. Hainbat proiektutan hartu du parte aktore gisa antzerkian zein zineman, esaterako: Akelarre (Pablo Agüero), Perpetua Felicidad (Isa Luengo eta Sofia Esteve), Las buenas compañías (Silvia Munt), Uda gau bateko bidegurutzea (Mireia Gabilondo), Adaptación contemporánea de los Madrigales de Monteverdi (Arriaga antzokia) eta Pelikula baten bila (Lara Izagirre). Lokuzioari dagokionez, Hodei Arrastoaren Zarata audiogidan egin du lan, testuetako bati ahotsa jarriz. Sormenari eta idazketari dagokionez, Iraitz izeneko bost ipuinez osatutako bildumaren sortzailea da.
Hodei Arrastoa ere aktorea eta sortzailea da. Bartzelonako Institut del Teatren arte dramatikoan graduatua. Profesionalki aktore bezala proiektu hauetan hartu du parte, besteak beste: Els Watson (Teatre Nacional de Catalunya), Flam (Teatre Lliure eta Festival Grec), La first casi blind date (Temporada Alta), Jusqu’ici tout va (Francesc Cuellar) eta Protocolos de acción frente a lo desconocido (TNT eta Escena Abierta). Fikziozko bi podkast ezberdinetan egin du lan hainbat pertsonaia interpretatuz: Crema (GenCat), sexualitateari buruz libreki hitz egitea helburu duen podkasta eta L’Entresol (ICat), lau pisukide gaztek podkast bat sortzen dutenean gertatzen zaizkien abenturak azaltzen dituena. El hombre que plantaba árboles testuan oinarritutako Umanos: Proyecto Colaborativo proiektuan ere ahotsa jartzen du. LGBTI+ kolektiboari buruz datzan Zarata audiogidaren sortzailea da, 40 minutuko ibilbidea eginez kolektiboari buruzko kontakizunak azaltzen dituzten hamar ahots entzuten direlarik.