Arteleku plazan eraikiko dute Txomiñeneako osasun etxea
Egun saskibaloi kantxa kokatuta dagoen eremuan eraikiko dute lau solairutako osasun etxea.
Donostiako Gobernu Batzordeak Plan Bereziaren hirigintza dokumentua onartuko du bihar, eta, besteak beste, aldaketak eragingo ditu Txomiñeneako osasun etxe berriaren kokapenean. Hala, Plan Bereziaren lehen onespenarekin, Arteleku plazan eraikiko dute osasun etxea, eta ez Felisa Martin Bravo eta Concha Chaos kaleen artean, aurretik espero zen moduan.
Hasiera batean aurreikusitako espazio hura Espartxoko Zubi berriaren ondoko hiruki formako partzela batek osatzen zuen, Osakidetzarena baita eremua. Lekua, baina, txikiegia da Loiola, Martutene eta Txomiñeneako bizilagunak artatzeko, eta Arteleku plazaren zati batean egingo dute, azkenean; Goikoenea kalearen aldamenean, egun saskibaloi kantxa dagoen eremuan.
Horretarako, elkar trukaketa bat egingo dute bi eremuen artean. Hori horrela, osasun zentroak 1.365 metro koadroko azalera izango du lursail berrian. Aurreko 835 metro koadroko eremua, berriz, erabilera komunitarioetarako eraikin gisa uzteko asmoa dute, eta, beraz, auzoarentzako edozein zerbitzu mota eskaini dezake.
Sinesgogortasuna, bizilagunen artean
Lan Berri auzo elkarteak proiektuaren eta lekualdaketaren gardentasun falta aldarrikatu du. Sare sozialetan azaldu dutenez, hamar urte baino gehiago daramatzate auzoarentzako kultura, kirol eta osasun ekipamenduak proposatzen eta udalak aldebakarrez hartu du lekualdaketaren erabakia: “Hainbat proposamen egin ditugu: 2013an, eraikin zaharra Osoko Bilkuran onartutakoaren arabera eraldatzea; 2016an, udal gobernuak bere kabuz eraistea erabaki zuenean, proiektu berri bat onartzea eskatu genuen”. Gauzak horrela, iraintzat jo dute prentsaren bitartez lekualdaketaren berri jaso izana eta Kultura eta kirol ekipamenduak “berehala” eta auzotarren parte hartzearekin batera bideratzea eskatu dute.