Bost donostiarretik lauk uste dute turismoak hirian eragindako arazoak «oso larriak» direla
Donostiako Udalak finantzatuta, EHUk inkesta bat egin du donostiarren artean, turismoari buruzko pertzepzioez galdetzeko. Herritarren %72ren iritziz, turismoak ez die inoiz edo ia inoiz mesederik egin.
Donostiarrek turismoaz eta hiri ereduaz duten pertzepzioa aztertu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gune Irekiak ikerketa taldeak —Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta—, inkesta baten bidez. Herritarrek argazki hau atera dute: donostiarren %80k uste dute turismoak hirian eragindako arazoak «oso larriak» direla.
Izan ere, turismoak Gipuzkoako hiriburuan duen eragina ez da nolanahikoa. Txanponaren aurkia hau da: hiriko barne produktu gordinaren %13,9 turismoari dagokio, eta 15.000 lanpostu sortzen ditu, Donostiako Udalaren arabera. Hala ere, txanpon guztiek dute ifrentzua: donostiarren %90i «kezka» eragiten die turismoaren egoerak.
Turismoa eta hirirako eskubidea. Donostiako herritarren pertzepzioak ikerketa lana aurkeztu zuten atzo egileek Donostiako Parte Zaharrean. Aurkezteko lekua ere ez zen nolanahikoa, etxe turistikoek Parte Zaharreko etxebizitza parkearen %35 hartzen baitute. Gizarte psikologia eta ekonomia arloko EHUko hiru ikertzailek egin dute lana: Xavi Minguezek, Imanol Mozok eta Julen Izagirrek. Txostenaren aurkezpenean izan ziren Jon Insausti Turismo zinegotzia eta Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia; izan zen udaleko oposizioko, desazkunde turistikoaren aldeko mugimenduko eta auzo elkarteetako kiderik ere.
605 donostiarren lagin adierazgarriarekin osatu dute inkesta. Bi donostiarretik batek uste du turismoa hiriarentzat onuragarria dela ekonomikoki, baina, oro har, turismoak hirian duen eraginaren pertzepzio negatiboa dute donostiarrek, ikerketak argitara eman duenez. Donostiarren %82k uste dute turismoak eragin negatiboren bat duela hirian, eta bost herritarretik hiruk uste dute turismoak «kalte larria» eragiten diola hiriari.
Iazko abuztuan 97.836 bisitari izan ziren Donostian —txangozaleak kontuan izan gabe—, Eustaten arabera. 2011tik, Donostian ia bikoiztu egin da hoteletako bezeroen kopurua; %86 handitu da, hain zuzen. Horren harira, EHUren ikerlanaren beste ondorio bat hau da: lau donostiarretik hiruk uste dute Donostian ez dagoela tarterik turismoa hazteko, eta herritarren %77k ez dute uste Donostiako Udalak turista gehiago erakarri beharko lituzkeenik.
Albistea Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Albistea osorik irakurri dezakezu hemen.