EH Bilduk adierazi du «bateraezina» dela Altzako kiroldegiko obren likidazioa onartzea eta, era berean, «akats larriak egiaztatzea»
EH Bilduk eskatu du Altzako kiroldegiko laguntza teknikoaren kontratuaren likidazioa ez onartzea “akatsak” erabat konpondu arte, eta atzemandako “defizientzien” ondoriozko erreklamazioaren hasiera soilik onartzea. Izan ere, otsailaren 2an EH Bilduko udal taldeak Espazio Publikoen Batzordean Altzako kiroldegi berriaren eraikuntzan hainbat akats zeudela salatu ondoren, udal gobernuak biharko Tokiko Gobernu Batzordean gai zerrendan darama erreklamazioaren hasiera Altzako kiroldegia eraikitzeko lanetan antzemandako akatsengatik (II. sorta).
Donostia Kirolak txosten batean jaso duenez, hauek dira “patologiak”: UBS banaketa sareak konpontzea lehen eta bigarren sotoetan; ur iragaztea sotoko bigarren solairuan, lehenengo sotoko aldageletako eta dutxetako saneamendua biltzeko hodien bidez; itoginak bigarren sotoan, igerilekuetako basoen perimetroan; ur iragazketak transformazio zentroa dagoen lokalean; bigarren solairuko itoginak, estalkiko erreteneko ura biltzetik datozenak eta ur iragazketak mendebaldeko fatxadan.
EH Bilduren arabera, hala eta guztiz ere, biharko Tokiko Gobernu Batzordera beste puntu bat eramango du udal gobernuak, hain zuzen Altzako kiroldegiko obren zuzendaritzari laguntza teknikoa emateko kontratuaren likidazioa onartzea (2. lotea, eraikina), “arestian aipatutako defizientzien eta egindako obren zuzenketaren azken txostena aurkeztu ez den arren”.
“Guztiz kontraesankorra da Donostia Kirolaren txostenean egiaztatutako akatsak eta antzemandako patologien ondoriozko erreklamazioaren hasiera ikusita, obren likidazioa onartzea eta obrak egoera onean daudela baieztatzea”, adierazi dute.
EH Bilduren iritziz, “deigarria” da oso Altzako kiroldegiko Obren Zuzendaritzak azken txostena jaso ez izana, nahiz eta berau kontratuan sartuta egon. “Hain zuzen, aipatu dokumentua EH Bilduko udal taldeak eskatua zuen, obrei oniritzia eman ote zitzaien egiaztatze aldera. Orain ezetz ikusten dugu”, nabarmendu dute.
Uste dute Eneko Goia alkateak, “arduradun nagusia den aldetik”, behar diren azalpenak eman behar dituela obra honekin gertatutakoei buruz.