Eneko Muruazabalen 'Planetagatik' film laburrak irabazi du Oihua! lehiaketa
Eneko Muruzabalek irabazi du Oihua! sorkuntza ekimenaren hirugarren edizioa Planetagatik film laburraren proiektuarekin. Oihua! Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatutako egitasmoa da, eta euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortu da.
Irabazleak Igor Legarreta zuzendariaren aholkularitza izango du lan prozesuan zehar. Gainera, erakundeek 10.000 bat euro jarriko dituzte film laburra egin ahal izateko. Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoiztuko da gidoia. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoan egingo da.
Hirugarren edizio honetan hamar gidoi jaso dituzte. Lanen jatorriari dagokionez, aurtengo edizioan zazpi gidoi jaso dituzte Gipuzkoatik, eta hiru Bizkaitik.
Epaimahaikideak Igor Legarreta zinegilea, eta erakunde antolatzaileetako ordezkariak izan dira: Marta Zabaleta (San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission), Unai Guerra eta Jon Sanchez (Larrotxene Bideo), Josemi Beltran (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta Alex Aisa (Euskara Zerbitzua). Planetagatik aukeratzeko hainbat irizpide erabili dira: sormena eta kalitate artistikoa, ekoizpenaren bideragarritasuna, kokalekuen aniztasuna eta euskararen maila.
Film laburra Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko 2024ko programazioan sartuko dute. Aukeratutako ideiak 300 euroko ordainsaria jasoko du gidoia sinatu duen pertsonarentzako egile-eskubideen kontzeptupean.