Gaurko egunez jaio zen Benita Asas Manterola, irakasle eta feminista donostiarra
Gaurko egunez duela 151 urte jaio zen Donostian Benita Asas Manterola, 1873ko martxoaren 4an. Feminista, irakaslea eta hainbat hedabidetako zuzendaria izan zen, eta 1968an zendu zen, Bilbon. Argia-k ekarri du gogora efemeridea, bere efemerideen kanalean.
Irakaskuntza ikasi zuen Valladoliden, eta Bilbon hasi zen irakasle lanetan. 1902an, Madrilera joan zen irakasle gisa lan egitera, eta han garatu zuen bere ibilbidearen zatirik handiena. Borrokalari feminista zen, eta hainbat elkarterekin izan zuen harremana bere bizitzan zehar: Emakume Espainiarren Elkarte Nazionalarekin, Kontseilu Goren Feministarekin, Espainiako Emakumeen Lyceum Klubarekin eta Emakumeen Unibertsitate Elkartearekin, besteak beste. Espainiako Emakumeen Elkarte Nazionaleko presidente izan zen, eta Espainiako Estatuko mugimendu feminista sortzen lagundu zuen.
Dios y el Universo. Libro de lectura instructiva para niños y niñas liburua argitaratu zuen 1910ean, eta El Pensamiento Femenino egunkaria sortu zuen Pilar Fernandez Selfarekin 1913an, baita 1916ra arte zuzendari lanetan aritu ere. Ondoren, La Voz de la Mujer eta Mundo femenino egunkariak zuzendu zituen. Halaber, emakumeen boto eskubidearen alde borrokatu eta idatzi zuen, urte luzez.
1940an, ezkertiarra izatea egotzita, erregimen frankistak deserrira zigortu zuen. Ondoren, 1942an erretreta eskatu eta Bilbora joan zen; han hil zen, 1968an. Gaur egun, Egian haren izena daraman plaza txiki bat dago, Etxabe parkean. Horrez gain, Bilbon eta Guadalajaran (Espainia) ere kale bana dauka eta Iruñeko Aitzindarien Parkean margotuta dagoen horma irudian agertzen da.