Isabel Hergueraren 'Sultanaren ametsa' lanak irabazi du Anima jaialdiko Animaziozko Film Onenaren Saria
Isabel Herguera zinemagile donostiarraren Sultanaren ametsa filmak Animaziozko Film Onenaren Saria irabazi du Bruselako Anima Festival zinema jaialdian. Iazko Zinemaldian estreinatu zen lana, baita Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi ere, eta aurkezpenaren harira elkarrizketa egin zion hedabide honek Herguerari.
Honakoa nabarmendu du Anima jaialdiko epaimahaiak, filmari buruz: “Bere estetika amesgarri eta ludikoarekin, pertsonaia nagusiaren ibilbidera eraman gaitu film honek, feminitateari eta identitateari buruzko ideia konplexuak aztertuz. Inoiz ez azalpenak ematen edo hitzaldiak ematen, filma saiakuntza faktiko eta poetiko gisa mugitzen da aldi berean”.