Kale egoeran dauden gazteekin topaketa egingo dute Egian, 'En la calle' dokumentalaren bidez
Emanaldia bihar, hilak 5, izango da, Egiako Teila Fabrikan 19:00etan.
Donostian kale egoeran dauden edo egon diren gazte atzerritarren bizipenak lehen pertsonan kontatzen dituen dokumentala da En la calle. Sortu berria den Guztiontzat Egia Auzotar Sarea kolektiboak antolatu du dokumentalaren emanaldia, eta solasaldia prestatu dute hainbat kale hezitzailerekin eta kale egoeran dauden gazteekin, “haien bizipenak lehen pertsonan ezagutzeko”.
Hona hemen dokumentalaren sinopsia:
Gazte hauen ibilbide, asmo eta ilusioen kontakizuna da, lehen pertsonan. Era berean, gure gizartean aurkitzen dituzten oztopoak eta jasotzen dituzten laguntza solidarioak erakusten dituzte, hala nola Hiritarron Harrera Sareko boluntarioek egiten duten lana, zeinarekin Gipuzkoako SOS Arrazakeriak estuki lan egiten duena. La mano invisible, Esperanto Producciones, SOS Arrazakeria Gipuzkoa eta Harrera Sare Herritarrak ekoitzi dute, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du.
En la calle dokumentala gizartea sentsibilizatzeko tresna gisa erabili da, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden gazte migratzaileen egoeraz, pertsona bakoitza, bere berezitasunean, eta hauen errealitatea ezagutuz, xenofobiari eta diskriminazioak eragiten dituzten aurreiritziei aurre egiteko.
Dokumentala ikustera etorri direnek gazteekin hitz egiteko aukera izango dute, eta gazteek beren errealitatearen berri emango dute. Gazteen parte hartzeari eskeri, “ikusleek hauen errealitatea hobeto ulertuko dute, hauen egoera sozial, familiar eta emozionalarekin enpatizatzen, jasaten dituzten oztopo burokratikoak ezagutzen, eta, azken batean, hauen azalean jartzen”.