Gau historiko bat Anoetan?
Bolada txar batean murgilduta dago Reala eta PSG da gaur erabakiko den kanporaketa gainditzeko faboritoa, baina itxaropenaren atea ezin da guztiz itxi, eta gau historiko bat bizitzea da gaur realzaleek duten nahirik handiena.
Ederra litzateke. Mbappe galaktikoaren Paris Saint Germain (PSG) superpotentziari Anoetan irabaztea eta Txapeldunen Ligako final-laurdenetara pasatzea, horrela azkenaldiko bolada txarrari buelta emanez. Errealitatea da oso zaila dela balentria hori egitea, baina Realak denboraldi honetan erakutsi du edozeinen aurka parez pare jokatzeko gai dela, hala nola, Inter Milan Europako txapeldunordearen aurka.
Denboraldiko unerik txarrena igarotzen ari dira txuri-urdinak, golak egiteko zailtasun handiekin, fisikoki makal eta Mallorcaren aurka kopako finalerdiak galdu eta azkenaldian ligan emaitza txarrak lortu ostean. Ordea, bolada txarra noizbait amaitu beharko da, eta akaso gaurkoa egoera horri buelta emateko partida handiegia bada ere, ez al litzateke izugarria izango?
Joanekoan 2-0 galdu zuten txuri-urdinek, lehenengo zatian menderatu zuten partida batean, eta bigarren zatian PSGren aurrelarien eraginkortasunak erabakitakoan. Gaurkoan (21:00), realzaleen babesa izango dute Imanol Alguacilen mutilek, taldearen harreratik (Errondo pasealekuan, 19:25ean) epaileak partidaren amaiera adierazi arte.
Alguacilek eskura duen talderik onena zelairatuko duela aurreikusten da: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand eta Javi Galan; Zubimendi, Merino eta Brais; Kubo, Andre Silva eta Oiartzabal. Aurrean, mundu mailako izarrez beteriko taldea izango dute donostiarrek: Donnaruma; Beraldo, Lucas Hernandez, Mukiele eta Hakimi; Zaire-Emery, Vitinha eta Fabian Ruiz; Barcola, Dembele eta Mbappe.
Irabaziz gero, zale txuri-urdinek ez dute sekula ahaztuko gaurko partida, eta denboraldia berbideratzeko lehenengo pausoa izango da Realarentzat, PSGri irabaztea oso gutxiren eskura dagoen zerbait baita.
“Arrisku handiko” partida
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalal “arrisku handiko” partidatzat jo dute gaurkoa, eta azkenaldian hainbatetan gertatutako istiluen aurrean, segurtasun dispositibo berezia prestatu dute. Besteak beste, zirkulazioa guztiz etengo dute Pio XII.aren biribilgunetik Anoetara, eta soilik garraio publikoak eta larrialdi zerbitzuek ahalko dute hortik igaro; hain zuzen ere, herritarrei garraio publikoa erabiltzeko eta estadiora denborarekin joateko gomendatu diete, horregatik. Era berean, inguruko terrazetako aulkiak eta mahaiak kentzeko agindu du udalak, hainbatetan ultrek halakoak erabili dituztelako elkarri jaurtitzeko.
PSGko ultrak, Boulogne Boys izenekoa, ultraeskuindarrak dira, eta istiluak izan dituzte Europako hainbat tokitan. Gogoratu behar da Benficako ultrak etorri zirenean, horiek ere ultraeskuindarrak, istilu larriak izan zirela Armerias plazan; horregatik, segurtasun dispositibo handiagoa prestatu dute orain Ertzaintzak eta Udaltzaingoak.