Martuteneko biribilgune berria egiteko proiektua Urbycolan enpresari esleitu dio udalak
Tokiko Gobernu Batzarrak Urbycolan sozietate mugatuari esleitu dio Pilarreko Andre Maria eta Tanbia kaleen eta Martuteneko pasealekuaren arteko elkargunean biribilgune bat eraikitzeko proiektuari dagozkion obren kontratua. Lan horiek lau hilabeteko egikaritze epea eta 246.427 euroko aurrekontua izango dute.
Jarduera eremua 2.140 metro koadrokoa da gutxi gorabehera, eta Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzarraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, proiektu honen helburua da joan-etorriak antolatzea eta kolektibo guztien zirkulazioa hobetzea. Lan honen bidez, udalak ingurunearen hobekuntza integrala lortu nahi du, “eremura egokitutako biribilgune bat eginez, oinezkoen eta bizikleten mugikortasun alternatiboa erraztuz eta ingurunea hobetuz”.
2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeen bezperan, Donostiako Udal Gobernuak Martuteneko biribilgunearen proiektua onartu zuen. Horrela ere, iragarritakoa ez zuten betetzerik izan, eta legegintzaldi honetan ordezkatuko dute auzoaren bukaeran dagoen behin-behineko biribilgunea. “Aktuazio honekin denbora gehiegiz probisionala izan den biribilgune bati erantzuna ematen zaio”, esan du Goiak gaurko prentsaurrekoan.
Enurcoin enpresak idatzi du proiektua: bi errei izango ditu biribilgune barruan, eta ingurua berrantolatuko du.
Martuteneko bizilagunen aspaldiko eskaera da biribilgunearena. Udalak 2015ean berrituko zuela adierazi zuen, baina ez da horrela izan.