Martutenen Renferen geltoki berria «behingoz» eraikitzeko eskatu dute auzoko bizilagunek
Martuteneko auzo elkarteak Renferen geltokiaren kokalekuari buruzko “argitasuna eta gardentasuna” eskatu die inplikatutako administrazio guztiei. Azaldu dutenez, informazio hori “bereziki premiazkoa” da Barkaiztegiko bizilagunentzat, geltoki berriak trenbideko pasabidea itxi ondoren auzoarekin galdutako konexioa berreskuratzeko aukera emango bailuke.
Pasa den abenduan, Adifek jakinarazi zuen 8,4 milioi euro inbertituko zituela Martutene, Loiola eta Pasaiako geltokietan irisgarritasuna hobetzeko. Zehazki, Martutenen “igogailuak eta gaineko pasabide bat” eraikiko zituela iragarri zuen. Baina, Martuteneko auzo elkartearen arabera, informazio hori “ez dator bat Garraio eta Mugikortasun Ministerioak abuztuan iragarri zuen beste informazio batekin”. Horren arabera, estatuak Martuteneko geraleku berriari buruzko informazio azterketa idazteko eskatu zuen, 248.662 euroko aurrekontuarekin, eta 15 hilabeteko egikaritze epearekin. Ministerioak orduan zioenez, “geltoki berria Donostiako auzo horren erdigunetik hurbilago egongo da, eta herritarren beharrei erantzungo die”.
“Gaur egungo geralekua birmoldatzeari buruzko informazioa ez da berri ona auzoarentzat”, nabarmendu dute bizilagunek. Auzo elkarteak urteak daramatza udalarekin elkarlanean, geltokia Martuteneko erdigunetik hurbilago dagoen kokaleku batera eramateko. “Bizilagunentzat ekarriko lukeen hobekuntzaz gain, argi dago egungo geralekuak segurtasun gabezia larriak dituela, bihurgunean dagoelako eta ez duelako pasabide segururik. Auzoan ez da ulertzen egungo geralekuan milioi askoko inbertsioa egitea orain, geraleku berrirako proiektua prestatzen ari denean. Are gehiago, beldur gara ea dagoeneko erabakia hartua daukaten, herritarrei bizkarra emanda eta geltoki berria baztertuz, gaur egungo geralekuan adabaki huts batzuk jartzeko”, adierazi dute.
Konponbiderik gabe, momentuz
Berria jakin bezain laster, auzo elkartea udalarekin harremanetan jarri zen gai hori argitzeko: “Udal gobernuko iturriek jakinarazi ziguten Adifen azken albiste horrek ere ustekabean harrapatu zituela, eta argituko zutela. Hala ere, hiru hilabete geroago, auzoan oraindik ez dakigu zein izango den azkenean gauzatuko den proiektua, egungo geralekuan adabakiak jarriko diren edo geltoki irisgarriagoa eta seguruagoa eraikiko den”.
Eta, auzo elkartearen arabera, egonezina “are handiagoa” da Barkaiztegiko biztanleen artean, 2021ean trenbide pasabidea itxi zutenetik “auzotik isolatuta” bizi baitira. “Martuteneko auzo elkartean oso argi dugu geltoki berri eta hurbilago bat eraikitzea Barkaiztegiko bizilagunentzat irtenbide egoki bat izango zela, pasabide segurua izango baitzuten. Gainera, gogoratu behar da 2021ean, Garraio Ministerioa akordio batera iritsi zela Donostiako Udalarekin, trenbide pasabidea ixteak eragingo zituen mugikortasun arazoak konpontzeko. Hiru urte beranduago, trenbide pasabidea itxita dago, eta auzotarrek ez dute inolako konponbiderik”, salatu dute.